Agurtzane Salaberria Amesti 1937ko martxoaren 31n jaio zen, Ermuan. 25 urte zituenean etorri zen Durangora, eta bertan bizi da harrezkero. Irakurle taldera joaten da hilean behin, eta astelehenero udaletxe aurrera joaten da, pentsio duinen aldeko elkarretaratzera. Hanketako arazoak direla eta, gurpildun aulkian ibiltzen da Agurtzane. Burua zoli, argitasuna begiradan, eta irribarre irmoa. Memoriak gurutzatutako bizitza da Agurtzanerena. Bere bizipenak kontatu dizkigu, Ermukoak zein Durangokoak, gerraosteko urteetakoak eta gaur egungoak. Durango bonbardatu zuten egunean jaio zen eta momentu hura gogoratzea ezinezko bazaio ere, ez du ahazteko. Ankerkeriaren erdian gertatu zen anekdota bakan eta indartsua kontatu digu: bonbak lehertzear eta bera jaiotzear zenean bere amak zelan jokatu zuen.
Noiz eta non jaio zinen? Zelakoak izan ziren zure lehenengo urte haiek?
1937ko martxoaren 31n jaio nintzen, Ermuan, plazako etxe batean. Behean zegoen denda eta etxea bera amamarenak ziren. Jaio nintzen momentuan, amak Durango bonbardatzera zihoazen hegazkinen zarata entzun zuen. Aita behean zegoen, medikuaren zain. Orduan, amak bere amari esan zion: “Ama! Zabaldu txorro guztiak, umeak bonben eztandak entzun ez ditzan”. Gero, ez dakit noiz edo zelan, aitak Ermutik ihes egin zuen. Amak kontatzen zuen nire arropatxoak almoada-azal batean sartu eta gerritik lotuta erabiltzen zituela. Jendeak errezatu egiten zuen bitartean, beste batzuek hauxe zioten: “Isilik, orain artekoak ere alferrikakoak izan dira eta”. Gurasoek lan pila galanta egiten zuten, diru gutxigaz ahal zena egiten, guri ardura handirik eman barik, haurtzaroa eta gaztaroa ondo bizi genitzan edo.
Memoriak gurutzaturiko bizitza da zurea. Zuen aita kanpoan ibili zen hainbat urtean, eta zu aitaren nondik norakoen mapa trazatua egiten ahalegintzen zara, aitak amari kaligrafia oso dotoreagaz idazten zizkion eskutitzak birpasatuz. Eskutitz batzuek partitura dakarte, kanturen bategaz. Hori da iraganari berbak ipintzeko duzun modua?
Hori eta akordu batzuk dira jarraitzen ditudan arrastoa. Aita beste aldean zegoela da lehenengo etortzen zaidana burura, ihes eginda zegoela, eta guk ez genekiela ezer. Umetan lekuak erregistratzen nituen, bila aritzen nintzen. Amak armairu bat zeukan, eskutitzez betetako kaja bategaz. Gordeta ditut denak. Ateratzen dudan kontua da nire ondoren jaioko ziren anaia bikiez haurdun zegoela gure ama. 1941a zela eta gure aita Ermura bueltatu barik zegoela. Loturak egiten ahalegintzen naiz, baina beti ez da erraza. Ez dakit noiz bueltatu zen aita etxera. Bakarrik bizi zen izeko baten etxean gogoratzen dut aita. Hantxe dut bere lehenengo akordua. Prenda iletsu bat oparitu zidan, eta “katua!” esan nuen, orduan halakoak lepoan ipinita ibiltzen zirelako. Zapatilak ziren. Aitak zapatila batzuk oparitu zizkidan izekoren etxean geundela, horixe da dudan lehenengo akordua.
Beraz, garai hartan Ermuan bizi zinen? Zelan gogoratzen dituzu han bizi izan zinen 25 urteak?
Ermuan bizi ginen eta neu nintzen zaharrena. Gero nebak jaio ziren, sei. Bikiak jaio zirenean, herri guztia pasatu zen gure etxetik, haiek ikustera. Baina ez dakit aita han zegoen ala ez. Inoiz ere ez zuten berbarik egin horretaz. Aitak inoiz ere ez zigun ezer esan Frantziako egonaldiari buruz. Gero, egun batean, irratian entzun nuen Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparrua euskaldunentzat egin zela. Liburu batzuk ditut Gurseko eremuari buruzkoak, baina ez dira han egon zirenen izen guztiak agertzen. Ez dakit gehiago, eta jakin gura nuke. Ez dakigu zer egiten zuen han, eta garai hartan ez genuen ezer ikertu. Orduan ikertu ez izanak pena ematen dit orain. Guk Ermuan egiten genuen bizimodua. Ermua Benidormen moduan hazi zen, hori esaten zuten behintzat. Gu ume ginenean, kaskotxoa eta baserri batzuk zeuden, eta kalean ibiltzen ginen. Arropak eskuz garbitu, sua egin eta sukaldean sikatzen genituen. Gure ama gelditu barik ibiltzen zen, eta garizuman egiten ziren ariketetan elizara joan eta ezin izaten zen jesarrita eta geldirik egon; ez zegoen batere ohituta geldirik egotera! Sasoi batean bizi izan ginen etxean ez zegoen urik. Nik euskal dantza egiten nuen eta amak alkateari esan zion etxean urik ez bazegoen ez nuela San Pelaioko jaietan dantza egingo. Ba ez zen dantzarik egin! Baina inork ere ez zidan ezer esan, eta neuk ere arrazoia eman nion amari.
25 urtegaz Durangora etorri zinen bizitzera. 60ko hamarkada zen. Zelan gogoratzen duzu bizitokia aldatzea, eta zelan gogoratzen duzu orduko Durango?
Urari dagokionez, Durangora etorri ginenean okerragoa izan zen. Zapatu batean etorri ginen. Biharamunean, mezarako jaiki, eta urik ez. Presio gutxi ematen zioten, tutuak haustu egiten zirelako. Eta ez zen urik ailegatzen. Gerora motor bat ipini zuten patioan, eta hark jasotzen zuen ura. Horrela joan zen hobetzen. Ez daukat garai hartako Durangoren akordu garbirik. Aititaren tailerra zena Iurretara pasatu zuten, eta gu Juan de Iciarren goiko aldera etorri ginen bizitzera. Ezker-eskuma familia bi bizi ginen; bien artean, hamabost seme-alaba ginen. Ordutik bizi naiz Durangon. Pena itzela nuen Ermutik irteteko. Orain, ez nuke Durango utzi gura, eta pentsatzen dut gurago nukeela gaztetan ere hemen bizi izan banintz. Herri bizia dela deritzot. Batxillerra gustura egin nuen. Durangotik Gasteizera joaten nintzen, magisteritzako azterketak egitera. Ez nuen askorik ikasi, baina egin nuen. Beste kontu batzuk ere banituen egiteko, zaintza lanak, esate baterako. Durangoko lagun batzuekin hasi nintzen ibiltzen, baina ez nengoen oso ondo eta apur bat haiengandik baztertu-edo egin nintzen. Kostatu egin zitzaidan nire lekua topatzea.
Durangoko Kurutziaga ikastolaren hastapenetan bertan lanean aritu zinen.
Magisteritza 34 urtegaz amaitu, eta Durangoko ikastolan hasi nintzen lanean. Urte bian egon nintzen han. Sabinegaz ibiltzen hasi nintzen, haurdun geratu nintzen, eta utzi egin nuen ikastolako lana. Gustatzen zitzaidan maistra lana, baina sasoi txarra pasatzen nenbilen, sentitzen nuen ez nintzela ni neu, eta orduan ez nuen bizitza ondo antolatzen. Ez nuen asmatu ondo egiten, eta sentitzen nuen gauzak ezin zirela txarto egin. Eta etxeko lana eta ikastolakoa ez ziren jada uztargarri bilakatu. Gero, sasoi batean, ordezkapen laburragoak egiten egon nintzen. Baina apurka-apurka uzten joan nintzen eta, azkenerako, utzi egin nion etxetik kanpora lan egiteari.
Hala ere, aitortu bako zenbat lan bizitza osoan zehar! Ordutik, eta orduan ere, etxean lan egiten zenuen?
Bai, etxean beti zegoen lana. Ikas- tolan ordezkapenak egiteko ere txarto ibili nintzen, ez nintzen lekuetara ailegatzen: etxea, umeak, ikastola... Besteentzat lan egiten nuen, baina, ez pentsa, nik ere banituen neure orduak, eta errespetatzen nituen; ikastekoak edo josteko orduak neuretzat hartzen nituen.
Irakurzaletasunak eragin nabarmena izan du zure bizitzan. Literaturak lekua topatzen lagundu dizu?
Josune Muñozek ematen zuen ikastaro bateko kartelak topatu nituen, eta hori izan zen nire lehenengo hartu-amana feminismoagaz eta literaturagaz. 70 bat urte neuzkan orduan. Ikastaro moduko bat egin genuen; hiru hilabetero gai bat geneukan ardatz, eta liburu mordoagaz lantzen genituen. Irakurtzen genuen liburua besteen aurrean azaltzen genuen bakoitzak. Eskolara joatearen parekoa izan zen. Gauza batzuetaz jabetzen hasi nintzen, eta ordutik hona beste bat naiz. Ez nintzen batere berbatia, baina orain gustura nago jende artean. Irakurzaletasunak asko lagundu dit konfiantza hartzen eta jendeagaz egoten. Nebak seminarioan zebiltzan, izeko bat abadearen ondoan zebilen beti; horixe izan da nire erreferentzia. Jaungoikoa barru-barruan izan dut beti, eta uste nuen hori eskatzen zidala. Hor hezi nintzen eta kostatu egin zitzaidan hortik irtetea. Orain guztiz aldatu naiz. Erlijioa nire bizitzako atal garrantzitsu bat izan da. Horixe zen gure ingurua, gure erreferenteak, jaso duguna. Gero, beste gauza batzuk ezagutzeak ere lagundu dit; irakurtzeak, batez ere. Irakurketak bizia ematen du, literaturak bizia ematen du. Esaterako, Xerezade mugarri bat izan zen niretzat. Beti dago zerbait aldatzen zaituena, asko gustatu zitzaidan.
Zelan jakin zenuen jaiotza eguneko istorio horren berri?
Amari behin baino gehiagotan entzun diot anekdota, bederatzi hegazkin etorri zirela, hirunaka, eta orduantxe jaio nintzela. Eta berak ez zuela gura izan nik bonben zarata entzuterik. Gerraosteko beste kontu batzuk ere jakin izan ditut. Adibidez, badakit garbitegian asko bere kontra zegoela, eta hauxe erantzuten ziela berak: “kaka jan eiñ”. Behin, berak eta lagun batek Guardia Zibilaren deia jaso zuten, zeozer esan zutelako. Biak kartzelara bidali zituzten, Durangora, eta hile bi eman zituzten han. Lehen Telefonica zegoen lekuan zegoen kartzela; trenbidearen aurrean Batzokia zegoen, eta beste aldean Telefonica. Momentu hartan kartzela ei zen, baina gero inori ere ez diot honelako konturik entzun. Itxura batean, urte haietan jendea zoratuta zebilen, bata bestearen kontra. Ama etxetik atera zutenean kartzelara eramateko, “ama, titi!” esaten ei nion nik, baina kartzelara eraman zuten, ez dakit zer esateagaitik, eta ni amamagaz geratu nintzen. Ez dakit amama koitadua zelan konponduko zen ni zaintzen.
Zer iruditzen zaizu zuen amak egin zuena zu jaio zinen momentuan?
Munduagaz izango nuen lehenengo esperientzia salbatu zuen, krudelkeria momentu hura etenda. Edozeinek egingo lukeena dela esango nuke. Ahal den moduan umea babestu, bizi, eta aurrera. Ez da besterik geratzen. Horixe uste dut egin zuela, beste edozeinek egingo zuen legez. Durangon bertan ere badakit egun horretan jaio zirela batzuk, eta bien bitartean beste batzuk erailtzen zebiltzan.
Zelan ikusten duzu gaur egun memoria historikoa?
Asko suspertu dela uste dut. Berba egiten da horretaz, lan handia egiten da, eta gauza asko egiten ari dira. Biziberritzen dabil, ez hemen bakarrik, beste leku batzuetan ere bai. Gasteizen Martxoaren 3koaren moduan. Urte batzuetan isilpean egon da, eta begiratu orain, gauzak berpizten dabiltza. Kontu horiek bizi izan dituztenak hiltzen dabiltzanez, jaso egin behar da, eta zabaldu, ez ahazteko, ez errepikatzeko.