Juan Itziarko auzotarren elkartea arduratuko da bertako lokala kudeatzeaz

Anboto 2024ko mai. 30a, 15:22

Durangoko Udala eta Juandi (Juan Itziarko Auzokideak elkartea) hitzarmen bat lantzen dabiltza, azken honek bertako lokalak erabiltzeko aukera izan dezan.

Akordioari eskerrak, auzotarrek espazio horretan gauzatu ahal izango dituzte bilerak, jarduerak, auzoko bizilagunen arteko dinamizazioa eta elkar laguntza. Lokalak 34,53 metro karratuko azalera dauka. Udalak aurreratu du mahai tolesgarriak, aulki pilagarriak, armairuak, leihoetarako biniloak eta telebista bat ipiniko dituela laster.

Lagapena urtebetekoa izango da, baina lau urtera arte izango da luzagarria. Juandi elkarteak bere gain hartuko du lokala eta bertako materiala egoera onean mantentzeko ardura. Baita bertako jarduerak eta langileak kudeatzeko betebeharra ere. Udalak, berriz, energia elektrikoari eta ur hornidurari loturiko gastuak kudeatuko ditu. Hitzarmena datozen asteetan sinatu gura dute, eremua behin altzariz hornituta.

Jesica Ruizek, Durangoko Udaleko lehen alkateordeak, akordio honen garrantzia azpimarratu du. "Hitzarmen honek indartu egiten du tokiko elkarteekin dugun konpromisoa eta gizartean duten funtsezko eginkizuna. Espazio berriak bere jardueren garapenean eta auzoaren ongizatean laguntzea espero dugu", adierazi du alkateordeak. 

Juan Itziarko lokalaren jabetza Eusko Jaurlaritzarena da. Durangoko Udalak alokatu egiten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!