Durangoko Udalak hasierako onarpena eman dio Txandakako Aparkalekuen ordenantza berriari. Arau berria "iazko abuztuan gertaturikoa ekidin guran" prestatu dute. Izan ere, iazko abuztuan, ohikoa den moduan, Durangoko TAO zerbitzua etenda egon zen. Baina TADUko aparkalekuagaz ezin izan zuten neurri bera hartu, "hura arautzeko ordenantza bat behar zelako". Hori dela eta, iaz aukera bi zituen udalak: TADU ordainpean zabalik mantentzea, edo TADU ixtea. Gobernu taldeak bigarren aukera onetsi zuen. Aurten, ordenantza berria indarrean egongo dela eta, TADU abuztuan debaldekoa izango da.
Esan bezala, ordenantza berriari hasierako onarpena eman diote. Herritarrek hilabeteko epea izango dute ekarpenak egiteko. Behin epe hori igarota, ordenantza berria indarrean sartuko du udalak.
134 etxebizitza Iparzabalarran
Bestalde, Durangoko Udalbatzak Iparzabalarrako Plan Berezia onartu du. Hau da, Mosku taberna kokatuta dagoen eremuari begirako plan berezia. Izan ere, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa indarrean sartzeak eremu horretako antolamendua aldatu beharra ekarri du, eraikinen zati handi bat 100 urteko uholde arriskuaren markaren barruan egon delako. Aldaketa horri eskerrak, udalak behin betiko onartu du UE-15 Iparzabalarra Zonako Plana. Horri eskerrak, 134 etxebizitza egingo dira eremu horretan. Horietatik 64 prezio publikokoak izango dira (30 etxebizitza sozial eta udalak tasatutako beste 34). Gainerako 70ak libreak izango dira.