Joan zen asteburuan Espainiako arku-tiro txapelketa lehiatu zen Sorian (Gaztela eta Leon). Arkulariak klubeko bi kide joan ziren bertara: Elisabeth Luengo Luque durangarra eta Javier Patino Bernal zornotzarra. Biek Euskadiko selekzioa ordezkatu zuten.
Luengo domina birekin itzuli zen Soriatik. Arku kurbatu modalitatean urrezkoa jantzi zuen, finalerdietan eta finalean Murtziako eta Madrilgo arku-tiralari banari irabazita. Modalitate honetan Espainiako txapelketa irabazten duen bigarren aldia da. Beste behin azpitxapeldun geratu da.
Autonomien arteko selekzioen txapelketa mistoan, zilarrezko domina irabazi zuten Luengok eta Patinok. Finalerdietan Madrilgo selekzioa gainditu zuten eta finalean gehiago izan zen Katalunia.
Ospakizuna eta… kexa
Dena ez da poza kirol minoritario honetan. Kirolari biak kexu agertu dira entrenatzeko aurkitzen dituzten trabengatik. "Astean egun batean eta larunbat goizetan baino ez dizkigute instalazioak esleitzen, eta espazio mugatua dugunez, ezinezkoa da Euskadiko beste klub batzuen baldintza berdinetan entrenatzea", adierazi du Patinok. Luengok ere antzerako diskurtsoa du: "Badakigu ez dela erraza hainbeste kirol-modalitatetan klub guztiak pozik uztea, baina ez da erraza ulertzen batzuek hainbeste izatea eta besteek hain gutxi. Administrazioei ahoa betetzen zaie berdintasunaz, inklusioaz eta abarrez, baina egia esateko, dena airean geratzen da. Arku-tiro denboraldia beste kirol batzuetan baino luzeagoa da; beraz, beste instalazio batzuk partekatu ahal izatea espero dugu", salatu du.