Durangoko Andereak elkarteak lesbofobiaren kontrako kontzentrazioa egingo du maiatzaren 17ko eta ekainaren 28ko aldarrikapenen testuinguruan, hau da, Lgtbfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunagaz eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda. Hori dela eta, elkarteko kideak Andra Marin batuko dira eguen honetan, hilabete bakoitzeko azken ostegunean egin ohi duten mobilizazioan.
Elkarteak Andrea Amarante, Pamela Cobas eta Roxana Figueroa gogoratu ditu bideo batean. Argentinan, eraso lesbofobo batean hildako emakumeak. Era berean, erasoan zaurituriko Sofia Castro ere gogoratu dute. Eta urrutira joan barik, baita duela aste batzuk Getxoko jaietan izandako eraso lesbofoboa.
Andereak elkarteak dioenez, "emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunaren, askatasunaren eta osotasun fisikoaren aurkako atentatu horien jatorria eskuin muturretik datozen gorroto lesbofobiko eta misoginoen diskurtsoak dira, munduan zehar dabiltzanak eta gelditu egin behar dituztenak, egundoko kalteak eragiten ari baitira". Hori dela eta, kontzentratzera deitu dute. Elkarretaratzea maiatzaren 30ean egingo dute, 19:00etan, Andra Marin.