Durangaldeko 28 enpresak parte hartu dute euskararen erabilera sustatzeko jardunaldietan

Anboto 2024ko mai. 27a, 10:12

Eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko zer egin beharko litzatekeen hausnartzeko batu ziren.

Mankomunitateak Landue foroaren laugarren edizioa egin du Durangaldeko enpresekin. Barikuan, eskualdeko 28 lantegitako ordezkariak eta Mankomunitateko arduradunak Elkartegian batu ziren, topaketa batean. Bertan, eskualdeko enpresetan euskararen inguruan egiten diren praktika onak ezagutzeaz gainera, eremu sozioekonomikoan euskara txertatzeko zer egin beharko litzatekeen hausnartzeko aukera izan zuten partehartzaileek.

Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, “pozgarria da ikustea Landue komunitateak indartzen jarraitzen duela eta arlo sozioekonomikoan ekimen interesgarriak lantzen direla. Gaur, esaterako, Landue komunitateko bi esperientzia ezagutu ditugu, eta, gainera, Durangaldean oso ezagunak diren bi enpresen eskutik”, adierazi zuen presidenteak. Ramon Bernalek, Lantegi Batuak enpresako zuzendari orokorrak, eta Gorka Lasuenek, Lasuen eraikuntza enpresako zuzendariak, euren enpresetan euskara sustatzeko dituzten dinamikak azaldu zituzten.

Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru Diputatuak nabarmendu duenez, “euskararen kudeaketa onak enpresen lehiakortasunean eragiten du, beren balio ekarpenagatik”.

Mankomunitatetik iragarri dutenez, irailean Landue foroaren beste ekitaldi bat egingo dute. Bertan hitzarmen ekitaldia egingo dute, enpresetan euskara gehiago erabiltzeko konpromisoagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!