1989. urtea mugarria izan zen Durangoko euskaltzaleentzat. Urte hartan sortu zen Berbaro elkartea, euskaraz bizitzeko zegoen zailtasunagaz kezkaturiko aktibista batzuen eskutik, herria euskalduntzeko helburuagaz. "Berbaz berba eta arorik aro egin dugu aurrera, hamaika proiektu eta saltsatan murgilduta, euskararentzat uneak eta guneak sortzen. Ez garela menpeko perpausa erakutsi dugu: haurrekin, gazteekin zein helduekin sortu dugun hamaika proiektutan", esan dute euskara elkartetik.Bada, aurten, 35 urteko ibilbidea beteko dutela eta, urtegunerako egokia den leloa aukeratu dute: Bagara nor. "Hori da 35. urteurrena ospatzeko hautatu dugun leloa. Euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko harrotasun eta aldarrikapenean ipini gura dugu arreta: euskaldunok bagara nor, euskaltzaleak bagara nor eta berbarotarrak bagara nor", azaldu dute elkartetik.
Data gordetzeko deia
Berbaro elkarteak maiatzaren 31n ospatuko du bere 35. urteurrena. Hori dela eta, eguna agendan blokeatzera deitu dute elkarteko kideek: "Egun zehatz batean zentratuko dugu urteurreneko ospakizuna eta Durangoko euskaltzale guztien eguna izan gura du ospakizun egunak", azaldu dute.