“Jo eta su jarraituko dugu lanean Durangon euskaraz bizitzeko”

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 24a, 09:30

'Bagara nor' izango da Berbarok bere 35. urteurrena ospatzeko erabiliko duen mezua. Euskara ahalduntzeko, komunitatea batzeko eta bide batez egun eder bat ospatzeko balioko duen eslogana aukeratu du elkarteak. Orain arte legez, Durangon eta eskualdean euskaraz bizitzeko dinamikak lantzen jarraitu gura dute. Elkarteko Zihortza Irazabal Olarretak eta Mirari Zugazartaza Aranburuk erantzun diete ANBOTOren galderei. Lehenengoa Berbaroren 25. urteurretik da elkarteko presidente. Bigarrena elkarteko idazkaria da iaztik.  

Berbarok 35 urteko bide mardula egin du. Zelakoa da elkartearen osasuna?
Zihortza Irazabal: Berbaro oso osasuntsu dagoela esango nuke. Elkartea orain 35 urte sortu zutenek oso helburu argia markatu zuten, eta gaur egun ere helburu hori berori dugu. Jo eta su jarraitzen dugu lanean Durangon euskaraz bizitzeko. Elkarteak 520 bazkide baino gehiago ditu gaur egun, eta bulegoan zortzi lagunek lan egiten dute. Horrez gainera, urtean zehar 100 hezitzaile baino gehiago mugitzen ditugu. Zuzendaritza batzordeari dagokionez, bost kidek parte hartzen dugu. Bilera horietara bulegoko kide bi etortzen dira. kudeatzailea eta idazkaria. 

Hiru hamarkada eta erdi pasatu eta gero, zelakoak izan dira errelebo aldaketak? Gazteriak zelan erantzuten du?
Mirari Zugazartaza: Aldaketak egon dira. Jende berria dago lantaldean eta zuzendaritzan. Eta esango nuke denok gaudela gogotsu, ildo berean erronka eta ekintza berriei aurre egiteko. 
Z.I.: Iruditzen zait aldaketa naturalak izan direla. Gaur egungo taldea oso gaztea da. Helduenak Rakel Odiaga eta biok izango gara. Gainerakoak gazteak dira. Taldea oso motibatuta eta ilusionatuta dagoela igartzen dut, lanerako gogo handiagaz. Ezin dugu gehiago eskatu.

Beharbada, Berbaroren jardun zabalaren barruan udalekuak izango dira proiekturik ezagunena. Baina Berbarok makina bat lan egiten du beste hainbat arlotan ere.
M.Z.: Berbaroren udalekuak beti izan dira herrian ahorik aho gehien zabaldu izan diren proiektuak. Egundoko arrakasta izaten dute. Bertan aritu garen begiraleok eta gaur egun horietan dabiltzanek asko maite dute euren lana. Iruditzen zait hori ez dela aldatu ni begirale izan nintzenetik hona. Gainera, udalerri askotako Gaztelekuak kudeatzen ditugu eta euskara zerbitzua eskaintzen dugu Mankomunitatean eta hainbat udaletan. Bestalde, Berbaron beste hainbat proiektu indartsu ere badago. Hor dago, adibidez, Haur Literatura Aretoa. Durangaldeko ikastetxeekin hartu-eman zuzena izaten dugu. Irakurzaletasuna sustatzen dugu, eta antzerkia landu. 
Z.I.: Gero badago beste proiektu indartsu bat. Etorri berriak euskaragaz hartu-emanean ipintzeko programa da. Bestalde, 12tik 14 urtera arteko umeentzat Itzartu programa daukagu. Asteburuetako aisialdi eskaintza da, boluntarioak diren begiraleekin egiten dena. Oso ondo funtzionatzen du. Horrez gainera, aipagarriak dira urte osoan zehar antolatzen diren lehiaketak. Telebistako saioen antzerakoa den Hirukoa eta film laburren Labur Esanda. Eta hor dago urteko azken bertso saioa ere.   

Zein erronka du Berbarok esku artean?
Z.I.: Erronka indartsu bat euskaltzaleen eta berbarotarren aktibazioa sustatzea da. Kostatu egiten da. Maiatzaren 31ko ospakizunak horretarako ere balio izatea gura dugu, hain zuzen ere. Jendea hurbiltzeko, berbarotarrak aktibatzeko. Baina diodan errealitate hau ez da Berbaroren erronka bakarrik. Euskara elkarteen federazioa den Euskaltzaleen Topagunearen erronkarik handienetarikoa ere aktibazio hori da. Bestalde, funtzionatzen duten proiektuak garatu eta denboraren poderioz higatu direnak alboratu behar ditugu. 

Maiatzaren 31ko urteurren ospakizunean 'Bagara nor' goiburua ipiniko duzue erdigunean. Zer adierazi gura duzue mezu horregaz?
Z.I.: Korrikako mezuak aztertu ditugu, eta Garazi Arrulak Baionan esanikoak ederrak direla uste dugu. Nor izatearen aitortza hori. Egiten duguna gara, izatea egitea da, ahaldundu behar dugu... hortik hautatu genuen Bagara nor adiera. 
M.Z.: Ez dugu ahaztu behar euskara sustatzeko elkarte bat garela. Horrenbestez, esaldi horrek hemen jarraitzen dugula eta hemen jarraituko dugula adierazten du. Euskara bizi, jolastu... dena euskaraz egin gura duen jendea dago hemen. 

Ahalduntzea aipatu duzue. Boterea hartu behar hori oraindino ere geure buruari gogorarazi behar diogun zeozer da?
Z.I.: Bai. Batzuetan kikildu egiten garela dirudi. Norberak egin behar duen hautu pertsonal bat da. Lehenengoko berba euskaraz izatea. Eta hori asko kostatzen zaigu. Horregaitik dira inportanteak Euskaraldiaren moduko ariketa sozialak. Hamaika egunetan ikusten duzu gai zarela lehenengo berba euskaraz eginda aurrera egiteko. Demagun Bilboko dendaren batera zoazela. Beharbada, dendariak euskaraz jakingo ez duen aurreiritziagaz joango zara. Beharbada ez du euskararik jakingo, baina beharbada zuk diozuna ulertuko du, eta ahaleginduko da zuri argibideren bat euskaraz ematen. Orokorrean, gizartean kokildu egiten gara, eta lehenengo berba beti izaten da erdaraz. 

Auzia Durangon eta eskualdean kokatuta, zelan gaude?
Z.I.: Hemen Berbaro dago, Euskal Herrian Euskaraz. Kalean badago presentzia hori, baina iruditzen zait gazteria hortik kanpora dagoela. Beste ikuspegi bat dute. Guk gure garaian izan genuen bulkada hori ez dut gaur egungo gazteengan ikusten. Edozelan ere, zeozer orokorra delakoan nago. Badirudi euskararen auzian dena lortuta dagoela. Baina ez da hala. Edozein tokitara joanda, udaltzaingora zein supermerkatu handi batera, baliteke euskaraz egingo dizun inor ez egotea. Eta gure eskubidea da arreta euskaraz jasotzea.
M.I.: Berbarotik ahalegin guztia egiten dugu hori horrela izan dadin. Gogoan dut orain urte batzuk, Durangoko jaietan, euskararen presentziari buruzko azterketa bat egin genuela. Eta azterlan horrek eragina izan zuen, hurrengo urtean kontratazio gehiago eta ekitaldi gehiago egin zelako euskaraz. 

Goazen botila erdi beterik ikustera. Zer lortu du Berbarok 35 urte hauetan?
Z.I.: Euskaraz bizitzeko aukera gehiago dago orain. Gure proiektuekin, ume eta gazteek euskaraz bizitzeko aukera gehiago dute. Gainera, eskaintzen duguna kalitatezko zerbitzua da. Ez dut Berbarorik bako Durangorik eta Durangalderik irudikatzen. Ez balego, sortu egin beharko litzateke. 
M.Z.:  Txikitatik bizi izan dut Berbaro. Halantxik ezagutu dut Durango. Orain, 28 urte ditudala, ezingo nuke Berbarorik bako Durangorik irudikatu. Ez balego, bere falta igarriko nuke.

Maiatzaren 31ko ekitaldia zelakoa izatea gura duzue?
Z.I.: Jai xumea izango da. Bagara nor, eta ospatzeko gogoa dugu. Ume eta gazteentzat programazio xume bat batu dugu. Euskaltzaleak eta Berbaroko kideak batzea gura nuke. Batzeko eta ospatzeko. Laguntza eskaintzeko ateak ere zabalik daude. Umeen tailerretan laguntzeko, adibidez; hor ere egongo gara.
M.Z.: Gu batzeko egun bat izango da, eta herrian ikusi gaitzaten balioko du, ezagutu gaitzaten. Datorrela jendea, oso ondo pasatuko du eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!