Durangoko Udalak erosketa bonuen kanpaina berria ipiniko du bihar martxan. Herritarrek ekainaren 23ra arteko epea izango dute txartelak bonoa.durango.eus atarian erosteko. Era berean, atari horretan kontsultatu ahalko dira kanpainara atxikitako establezimenduak. Txartelak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko kutxazainetan ere ipiniko dituzte salgai.
15 euroko bonu bakoitza behin bakarrik erabili ahal izango da faktura edo erosketa tiket bakarrean. Gehienez ere bonu bi baino ezingo dira pilatu faktura berean.
Egitasmoan oraindik izena eman barik dauden merkatariek gaur eskatu ahalko dute alta , HAZen edo egoitza elektronikoaren bitartez. Establezimendu bakoitzak 200 bonu trukatu ahal izango ditu.
Jesica Ruiz alkateordeak adierazi duenez, "erosketa bonuen kanpaina aukera bikaina da gure tokiko saltokiei laguntzeko eta Durangon kontsumoa sustatzeko. Herritarrek ekimen hau aprobetxatzea espero dugu, kontsumitzaileei ez ezik, tokiko negozioei ere mesede egiten diena, udalerriko ekonomia dinamizatuz".