[BIDEOA]: Kuir Eztandak azken egunotako erasoak salatu ditu Durangon

Anboto 2024ko mai. 17a, 20:40

"Onartezina da gure genero edo sexu identitateagatik erasotuak izatea", adierazi dute LGTB komunitateko kideek udal plazan egindako kontzentrazioan. 

LGTBfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Kuir Eztandak elkarretaratzea egin du gaur Durangoko udal plazan. Komunitateko bandera ugariak eskuan hartuta, azken boladan Euskal Herriko hainbat LGTB herritarrek jasandako erasoak salatu dituzte. Aurreko asteetan Ortuellan eta Getxon izandako eraso lesbofoboak batetik, eta otsailean Samantha Hudson kantariak Bilbon emandako kontzertuaren ostean gertaturikoa, bestetik. "Onartezina da, gaur egun, gure genero edo sexu identitateagatik erasotuak izatea", adierazi dute. Era berean, gogoan izan dituzte azken egunotan Argentinan izan diren lau hilketa lesbofoboak. "Badakigu zisheteroaraua arrakalatzen duten gorputzak mehatxu gisa ikusten direla, kapitalismoa eta patriarkatua iraunarazteko oztopo gisa, alegia". Hori dela eta "zisheteronormaren aurka borrokatzen eta bizitzen jarraituko dugu", adierazi dute.

Israelen kontra, Palestinaren alde

Kontzentrazio bukaerako irakurketan Palestinara eta Israelgo estatura ere eraman dituzte aldarrikapenak. Besteak beste, LGTB komunitatea "zuriketarako" erabiltzea eta etekin ekonomikorako baliatzea egotzi diote Israelgo estatuari. Palestinari dagokionez, "premiazkotzat" jo dute "Europako potentzia inperialistek bermatutako palestinar herriaren aurkako proiektu kolonialista eta arrazista" salatzea.

Era berean, Donibane Lohizuneko hilketa matxista, Gasteizko eta Tolosako "eraso polizialak" eta Bilboko kale saltzaileen kontrako "jazarpen poliziala" salatu dituzte: "Subalternitateok jasaten dugun indarkeria aurpegi anitzekin agertzen bada ere, argi daukagu, kontrol sozialeko mekanismoen adierazena direla. Horregatik, oinarri bakarra ikusten dugu. borrokatu behar dugun estatu burges, inperialista eta zisheteropatriarkala dela indarkeria honen sustraia". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!