Durangoko Udalak amaitutzat eman du Antso Estegiz kalea berrurbanizatzeko obren lehenengo fasea. Azken bederatzi hilabete hauetan Erretentxutik Larrasoloetara doan kale zatia berritu dute. Bideak eta espaloiak irisgarri egiteaz gainera, oinezkoentzako eremuak handitu eta egonleku berriak sortu dituzte. Horrez gainera, euri-urak hobeto kudeatzeko baldosa drainatzaileak ipini dituzte espaloietan. Lanek 703.000 euro pasatxoko inbertsioa izan dute.
Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez, "hemen ez da ezer amaitzen". Izan ere, udalak lanen bigarren faseari ekingo dio laster. Hau da, Erretentxutik Komentukalera doan tartea berritzeari. Dena ondo bidean, urteko azken hiruhilekoan ekingo diete lanei. Era berean, Larrasoloeta inguruan 100 autorentzako aparkalekua egitea aurreikusi dute.