[EGITARAUA]: Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Tabirra garagardo azokak

Anboto 2024ko mai. 16a, 12:20

Iazko aldiko irudia.

Gaurtik zapatura irekiko dute Landako Gunean.

Durango Rugby Taldeak antolatutako Tabirra garagardo azokak hirugarren aldia egingo du gaurtik zapatura, Landako Gunean. Gaur 19:00etan irekiko ditu ateak eta 23:00 arte bisitatu ahalko da. Bihar 18:00etatik 01:00etara irekiko dute, eta zapatuan, 12:00etatik 01:00etara.

Landako Guneko lehenengo moduloan antolatuko dute, hau da, aurreko aldean. Hamar bat metroko luzerako barra bat egongo da eta hamar bat garagardo mota egongo dira aukeran, iaz baino gehiago. Alkohol bako garagardoak ere egongo dira. Hain zuzen, La Salve garagardo markaren eta udalaren laguntza izan dute ekimena antolatzeko.

Sarrera doakoa da, aurreko aldietan moduan. Dirua tiketengatik aldatuko da sarreran eta horrekin ordainduko dira garagardoak.

Jan-edana eta musika

Jateko aukera egongo da, esaterako, Cachito Mío enpanaden eta Arripu Tabernako tortilen postuekin. Musika izango da ekimeneko beste osagai bat, eskualdeko musikariekin. Barikuan DJ Jkin Alonsok jarriko du musika. Zapatu iluntzean Astoturfer taldeak kontzertua eskainiko du lehenengo eta, ondoren, DJ Jkin Alonso-ren musikarekin jarraituko dute.

MAIATZAK 16 - EGUENA

  • 19:00etatik 23:00etara.

MAIATZAK 17 - BARIKUA

  • 18:00etatik 01:00etara. DJ Jkin Alonsoren musikarekin.

MAIATZAK 18 - ZAPATUAN

  • 12:00etatik 01:00etara
    • 22:00 Astoturfer.
    • Ondoren, DJ Jkin Alonso.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!