Mankomunitateak etxeko hondakinak bereizteko kontzientziazio kanpaina hasiko du, zerbitzua eskaintzen duen udalerrietako etxebizitzetara 9.000 iman bidalita. Imanek hondakinen zatiki selektibo bakoitzari buruzko informazio zehatza izango dute, bai eta zein edukiontzitan utzi behar diren ere.
Kamioi berriak
Horrez gainera, Mankomunitateak zaborrak batzeko bi kamioi erosiko ditu. Erosketa horri gauzatu ahal izateko lizitazioa prestatzen dabil uneotan. Horretarako 690.000 euroko kreditu aldaketa bat egitea onartu du.
Irla gehiago landa eremuan
Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza baten bitartez, Mankomunitateak kartoia eta papera batzeko edukiontziak ipiniko ditu eskualdeko landa eremuko 15 puntutan. Horrez gainera hondakin organikorako edukiontziak ipiniko dituzte 9 irlatxotan. Era berean informazio panelak ipiniko dituzte gaikako bilketa sustatzeko.
Arduratsuagoa ingurumenarekin
Mankomunitateak Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian eta
Zaldibarren eskaintzen du bilketa zerbitzua. 2023an hondakin selektiboaren portzentaia
%38,59koa izan zen. Ehuneko horrek gora egin du azken urteetan, 2016ean %32,08koa
izan zen eta. “Birziklatu daitezkeen hondakinak zaborretan ez bukatzeko erabakia norberarena da, hala ere, guk, Mankomunitatetik, ingurumenarekin jasangarriagoak izateko lanean jarraituko dugu, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin arduratsuagoa izan nahi duenari laguntzeko”, azpimarratu dute Idoia Otaduyk eta Ainara Otxotorenak, Mankomunitateko lehendakari eta lehendakariordeak.