Suizidioa prebenitzeko eta ongizate psikologikoa zaintzeko jardunaldiak egingo dituzte Durangon

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 15a, 11:04

Durangoko Udalak 'Psikologia Kalean' jardunaldiak egingo ditu Bizkaiko Psikologoen Elkargoarekin lankidetzan. Maiatzaren 21etik 23ra egingo dira. Psikologo profesionalek hiru berbaldi eskainiko dituzte.

Maiatzaren 21etik 23ra psikologia herritarrengana hurbiltzeko saioak egingo dituzte Durangon. Hiru jardunaldi izango dira, eta berebizikoak diren gai bi jorratuko dituzte horietan: suizidioa eta ongizate psikologikoa. Psikologia arloan adituak diren profesionalek haien ezagutza eta esperientzia partekatuko dute herritarrekin.

Maider del Rio psikologo elorriarrak Suizidioaren prebentzioa nerabeengan berbaldia eskainiko du. Maiatzaren 21ean izango da, Elkartegian, 18:00etan, eta euskaraz. Del Rioren arabera, errealitate horren prebentzioa "era komunitarioan" landu beharko litzateke, eta hain zuzen ere, horretarako gakoak emango ditu. Datu bat ere eman du. Gaur egun suizidioa da nerabeen heriotza arrazoi nagusia minbiziaren atzetik. 

Maiatzaren 22ko jardunaldian Hablemos de la vida y de la muerte (Bizitzaz eta heriotzaz berba egin dezagun) berbaldiaren txanda izango da. Hitzaldia Nora Rubí psikologoak eskainiko du. Elkartegian izango da, 18:00etan, gaztelaniaz. Azkenik, maiatzaren 23an, egunerokotasunean ongizate emozionala zaintzeak duen garrantzia azalduko dute San Agustin Kulturgunean. Pedro Barquinek, Jaione Berraondok eta Juanan Tejerok Pequeños hábitos para mantener y mejorar nuestro bienestar psicológico (Gure ongizate psikologikoa hobetzeko eta mantentzeko ohitura txikiak) berbaldia eskainiko dute. 18:00etan izango da.

Psikobonuak martxan

Jesica Ruiz alkateordeak adierazi duenez, egitasmo honek durangarren "ongizate integrala lortu gura du, osasun mentala bereziki azpimarratuz". Alde horretatik, Ruizek psikobonuen kanpaina gogoratu du. Aurtengo kanpainan 2.222 psikobonu ipini zituzten zirkulazioan eta horietako 1.973 saldu eta 405 erabili dira. Oraindik ere eskuragarri daudela jakinarazi du alkateordeak. Psikobonuen kanpaina azaroan amaituko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!