Durango Rugby Taldeak 'Agur U14 Topaketa' antolatuko du zapatuan. 11:00etatik aurrera, 14 urtez azpiko hainbat talde batuko dira Arripausuetan: DRT, Sara-Senpere, Hernani, Eibar-Mutriku eta talde guztietako jokalariek osatutako Bambinarians. Guztira, 100 bat gaztek parte hartuko dute.
Topaketa 14 urtera artekoena izatea ez da kasualitatea. Arrazoi sinboliko bat dago atzean. Gazte hauek errugbi eskolatik talde federatuetarako saltoa emango dute datorren denboraldian eta etapa bati agur esateko modua da. "Ziklo bukaera bat da eta hori irudikatu gura dugu. Horrekin batera, laguntza eta elkartasuna lako balioak sustatu gura ditugu", adierazi zuen DRTko Aratz Gallastegik atzoko prentsaurrekoan.
Partiduetan ez da markagailurik egongo. Amaieran oroigarri bat egongo da denentzat eta Hirugarren Denborako jan-edanarekin amaituko dute ekitaldia.
Topaketa 2018an antolatu zuten lehenengoz eta aurten berreskuratu egingo dute. Ekimena antolatzeko Sukia eraikuntza enpresaren laguntza izango dute. "Gazteen formakuntza garrantzitsua da eta bide horretan gure aletxoa jartzeaz oso pozik gaude", adierazi zuen Sukiako Joseba Cedrunek.