"Amak kortse denda zabaldu zuenean gertaera handia izan zen"

Aitziber Basauri 2024ko mai. 12a, 10:30

Durangoko Zubizarreta barruko arropa dendak ateak itxiko ditu datorren ekainean; orain 104 urte zabaldu zuen denda Angel Zubizarretak, Arantza Ondaroren aititak. 

Arantza Ondaro orain 46 urte hasi zen beharrean bere aititak zabalduriko negozioan. 1920an zabaldu zuen denda, eta bertan lan egin duen hirugarren belaunaldia da Arantza; aurretik, amama Anastasiak eta ama Itziarrek eroan zuten Durangoko tradizio handiko denda.

Zubizarretaren dendaosteak historia luzea gordetzen du.
Bai. Aititak orain 104 urte zabaldu zuen denda; janaria saltzen zen, eta baita ere oihalak, esku-oihalak, mahai-zapiak, izarak, mantak, galtzerdiak... Denerik. Baina Durango bonbardatu zutenean etxea jausi egin zen. Aitita eta amama exiliatuta egon ziren Frantzian, hiru urtez, eta bueltatu zirenean amama baserririk baserri ibili zen saltzen, 1945ean denda berriro zabaldu zuten arte. Aitita hil zenean, amak hartu zuen dendaren ardura, 1967an. 74 urtegaz jubilatu zen.

Amak bigarren denda bat ere zabaldu zuen albo-alboan, 1971n.
Bai, kortse-denda zabaldu zuen, eta herri osoak burla egin zion. Gertaera handia izan zen herrian. Ama oso emakume aurreratua zen bere sasoirako. Erakusleihoan bularretakoak, kuleroak... ipintzen zituen. Harrigarria zen orduan, eta asko ez zeuden ados. Nik 14-15 urte nituen, eta denerik entzuten genuen. Orduko abade batek esan zion infernura joango zela. 2005era arte denda biak izan genituen; gero, batean batu genuen jenero guztia.

Denda honetan jaio zinen zu.
Bai, goiko etxean. Eta dendan hazi nintzen. Sasoi batean, lokalaren erdia denda zen, eta beste erdia sukaldea. Goian lo baino ez genuen egiten. Sukalde hartan, amamak gosaltzen ematen zien inguruko herrietatik astoagaz etortzen ziren emakumeei, eta josten ere jarduten zuten dendaoste hartan. 

Ekainean ateak itxiko dituzu. Zeintzuk sentsazio sortzen dizkizu horrek?
Beti pentsatu dut denda bizirik utziko nuela, amak eta amamak hori merezi dute eta! Eta pozik nago. Pena ere badut, nire familiako ziklo bat itxiko dudalako. Gainera, uste dut askok maite dutela denda hau. Nagusienek gogoan dute amama, eta, batez ere, ama. Norbaiti tokatu behar zaio zikloa ixtea; neu izan naiz.

Aurrez aurre duzuen Elcar burdindegiak ere ateak itxiko ditu. Alde Zaharrean hutsunea igarriko da. Erosketa ohiturak aldatu egin dira?
Betiko dendak gara eta igarriko da, bai. Baina normala da. Zikloak itxi egin behar dira. Neure bidea egin dut eta orain beste batzuei tokatzen zaie. Ohiturak aldatu egin dira, baina hurbileko negozioa gara, beste toki batzuetan konponbiderik ematen ez dieten arazoei irtenbidea ematen diena. Horrelako dendak beharrezkoak dira. Hori bai, beti esan dut hau ez dela Lourdes (barrez). Ikusi eta ikutu egin behar diren arropak saltzen ditugu, probatu beharrekoak... Aholku bila ere badator bezeroa, eta askok dute konfiantza gugan. Horixe gura dute gehienek, atentzioa.

Baduzu ezer esatekorik bezeroei?
Eskerrak eman gura dizkiet. Konfinamendua ziurgabetasun handiagaz bizi nuen, negar mordoa egin nuen. Baina berriro zabaltzerakoan jende mordoa etorri zen. Maitatuak sentitu ginen, enpatia handia sentitu genuen. Izan ditugu gure errietak, baina oso pozik nago egindakoagaz. Beti gustatu izan zait nire beharra.

Eta zer egingo duzu orain?
Lehenengo, deskantsatu. Gauzak egin gura ditut. Niretzat denbora gura dut, niretzat eta nire familiarentzat. Ordu asko zor diet. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!