Durangoko Tabirra garagardo azokak jan-edana, musika eta jai-giroa eskainiko ditu maiatzaren 16tik 18ra

Anboto 2024ko mai. 9a, 21:12

Iazko aldiko irudia, Landako Gunean.

Garagardo azoka eguenetik zapatura irekiko dute Landako Gunean. Gaur aurkeztu dute ekimena.

Durango Rugby Taldeak antolatutako Tabirra garagardo azokak hirugarren aldia egingo du datorren astean, Landako Gunean. Hiru egunez egongo da irekita: maiatzaren 16an, 17an eta 18an. Aurten ez dute domekan irekiko.

Landako Guneko lehenengo moduloan antolatuko dute, hau da, aurreko aldean. Hamar bat metroko luzerako barra bat egongo da eta hamar bat garagardo mota egongo dira aukeran, iaz baino gehiago. Alkohol bako garagardoak ere egongo dira. Hain zuzen, La Salve garagardo markaren eta udalaren laguntza izan dute ekimena antolatzeko.

Sarrera doakoa da, aurreko aldietan moduan. Dirua tiketengatik aldatuko da sarreran eta horrekin ordainduko dira garagardoak. Barretako txanda guztiak bolondresekin beteko dituzte.

Jan-edana eta musika

Jateko aukera egongo da, esaterako, Cachito Mío enpanaden eta Arripu Tabernako tortilen postuekin. Musika izango da ekimeneko beste osagai bat, eskualdeko musikariekin. Barikuan DJ Jokinek jarriko du musika. Zapatu iluntzean Astoturfer taldeak kontzertua eskainiko du lehenengo eta, ondoren, DJ Jkin Alonso-nekin musikarekin jarraituko dute.

MAIATZAK 16 - EGUENA

  • 19:00etatik 23:00etara.

MAIATZAK 17 - BARIKUA

  • 18:00etatik 01:00etara. DJ Jkin-en musikarekin.

MAIATZAK 18 - ZAPATUAN

  • 12:00etatik 01:00etara
    • 22:00 Astoturfer.
    • Ondoren, DJ Jkin Alonso.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!