Gernika Palestina dinamika herritarrak elkarretaratzera deitu du Israelek Gazako Rafah hiri mugakidean egindako operazio militarra salatzeko. Aste honen hasieran, Israelgo armadak Rafahko pasabidea zarratu zuen, Gazako zerrendara elikagaiak eta botikak sartzeko zegoen pasabide bakarra blokeatuta. Horrez gainera, bertako herritarrak ebakuatzeko deialdia ere egin zuen.
Azken orduetan borrokak ari dira izaten Rafahn, Israelgo armadaren eta Palestinako milizien artean. Eta Israelek, bien bitartean, entzungor egin die nazioarteko erreakzioei. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, palestinarrak Rafahtik alde egitera behartzea "gerra krimena" izan daiteke. Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, berriz, Israelera "ofentsibarako armarik" gehiago bidaliko ez duela adierazi du, "Israelgo armada Rafan sartzen bada". AEBetako presidenteak ofentsibarako armekin egin du ohartarazpena, baina ez bestelako laguntza militarrari buruz.
Gazako zerrendan eta zehatzago Rafah hiri mugakidean gertatzen dabilena salatzeko kontzentrazioak eskualdeko hainbat herritan egingo dituzte. Besteak beste Durangoko udal plazan, Iurretako Askondon, Berrizko udal plazan eta Zaldibarko udal plazan. 12:30ean izango dira guztiak.