Durangoko Udalak iragarri duenez, eguaztenean udaltzaingoaren argiketa eta ikerketa unitatea betetzeko probak egingo dituzte. Elkartegian izango dira, eta hautagaiek kasu praktikoak ebatzi beharko dituzte Zigor Zuzenbidearen arloan aplikatutako ezagutza ebaluatzeko.
Momentu honetan ordezkoek betetzen dituzten bost postuei begirako probak izango dira eguaztenekoak. Udalak argitu duenez, deialdiaren helburua argiketa eta ikerketa unitatean dauden hamar udaltzainen plazak finkoak izatea da. Prozesua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gainbegiratuko du.