Tabirako-Baque eta Zornotza ST Bizkaiko txapeldun geratu daitezke junior mailan

Anboto 2024ko mai. 3a, 10:00

Tabirakoko juniorrak. (Argazkia: Tabirako)

Tabirakoko neskek Durangon jokatuko dute Lauko Finala eta Zornotzako mutilek, Bilbon.

Tabirako Baqueko neska juniorrek etxean eta zaleen aurrean jokatzeko aukera izango dute, Landako kiroldegian erabakiko delako txapelduna. Zapatuan, 18:00etan, Mikel Unamuno taldearen aurka jokatuko dute finalerdietan. Talde biek hamarna garaipenekin eta launa porrotekin amaitu dute liga. Beraz, parekotasuna espero da. Horren aurretik, 16:00etan, Getxo liderra faborito argia izango da Santutxuren kontrako finalerdian. Irabazleek domekan, 12:00etan, jokatuko dute finala.

Zornotza Saskibaloi Taldeko mutil juniorrek Bilboko La Casilla kiroldegian lehiatuko dute Lauko Finala. Finalerdietan faborito den Barakaldoren kontra neurtuko dituzte indarrak. Ligako partidu biak Barakaldok irabazi ditu, gutxigatik izan bada ere. Bigarren finalerdia Mikeldi USK eta Gaztelueta taldeen artekoa da.

Tabirakoko kadeteak

Beste interesgune bat Ermuan dago, Tabirako Baqueko neska kadeteek Miguel Angel Blanco kiroldegian jokatuko dutelako Lauko Finala. Gainera, irabazteko faboritoak dira. Ligan partidu bat ez beste guztiak irabazi dituzte. Esaterako, finalerdietan aurkari izango duten Lointek Gernika 37-62 menderatu zuten ligan. Zapatuan, 09:30ean, hasiko da partidua. Finala domeka goizean izango da.

Zornotzako juniorrak (Argazkia: zornotzast)

Tabirakoko kadeteak (Argazkia: Tabirako)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!