Heldu da atea ixteko momentua. Gatxa izan da erabakia hartzea?
Bai, beti da gatxa. Baina urte asko dira lanean, eta gertu dut jubilazioa. Gainera, komertzio txikia min hartuta dago. Nire ustez, badago gurditik tira egin behar duen jende multzo bat, gurasoen etxea utzi eta euren bizimodua hasi behar dutenak. Ez dut orokortu gura, ez dira denak. Baina bereziki tiratu behar duten horiek beste erosketa ohitura batzuk dituzte. Ez daude komertzio txikian erostera ohituta. Saltoki handietara, Internetera... daude ohituta. Jende heldu eta adinekoentzat izan da shock handiena zarratuko dugula jakitea, eta produktu hau edo bestea non aurkituko duten galdetzera etorri dira, apur bat aztoratuta. Beste sektore batzuetan berdin gertatzen dabil. Adineko jendea hartu-emanera dago ohituta, berba egitera, begietara begiratzera, bai komertzioetan bai bankuetan. Ez dut esango hobea edo txarragoa den, baina egoera guztiz desberdina da. Teknologiak beste portaera batzuk hartzera eroan gaitu.
Zer esan dizute bezeroek?
Esker oneko berbak baino ez ditugu jaso, hunkituta gaude, oso eskertuta. Denda Durangoko komertzioaren ikurra dela eta ea zelan itxiko dugun esan digute. Jendea harrituta dago, baina, batez ere, eskertuta. Irtenbide gatxa zuten egoerei konponbidea ematen ahalegindu gara beti, eta bezeroak gura zuena lortu zezan ere bai. 15 urte egin barik nituela hasi nintzen dendan, eta 64 urte egingo ditut. Apur bat gehiago jarraitzeak ez zigun ardura izango, baina komertzio txikiaren egoera zein den ikusita, ez duela merezi ohartu gara.
Zerk egin dio minik gehien zuen komertzioari?
Alde Zaharrean saltoki handiak zabaltzeak eragin handia izan du. Baita ibilgailuak sartzea debekatu izanak ere. Inguruko herrietako bezero asko genuen eta horrek asko eragin zigun, komertzio batzuoi behintzat bai. Industriagaz ere lan asko egin dugu, gainera. Bezero asko beste toki batzuetara mugitu zen. Orduan hasi zen apur bat gainbehera, gure kalbarioa. Gauzak zailtzen hasi ziren. Komertzio bat gara, baina garraio agentzia bat ere bai. Urte hauetan guztietan 20 lagunek baino gehiagok lan egin dute hemen. Sasoi batean 9 langile geunden dendan.
Denda txiki askok itxi dituzte ateak azken urteotan.
Bai. Eta asko daude gure egoeran. Ez da belaunaldi aldaketarik ikusten, nahiz eta beti pentsatu izan dudan Alde Zaharra zela komertzioari eusten zion bakarra. Dendariagaz hartu-eman zuzena galtzeak ematen dit pena. Kontaktu zuzena, aholku ematea... Gauza askok eragin dute egoera hau, eta ez da erraza aurre egitea. Globalizazioa da finean.
Orain zer egingo duzu?
Ez naiz geldi geratuko. Baditut zaletasunak eta orain arte ez dut astirik izan horietaz disfrutatzeko.