“Antzerkiak ilusio handia egiten dit, taula gainera igotzeak ere bai, eta niretzat erronka itzela izango da”

Anboto 2024ko mai. 3a, 13:30

Paula Prol ermuarra eta Maialen Marin durangarra antzezleak dira, 'Mi madre también quiso ser pez' antzezlaneko protagonistak. Amatasunak lagun biren arteko elkarrizketa zeharkatzen du; lehenengoaren kasuan, ama izan eta gero zalantzak ditu bere nahia hori ote den; bigarrenak, ostera, ama izan gura du, baina ez izatea erabaki du, mundua pikutara doalako bere ustetan. Prol antzezlaneko zuzendaria ere bada, Albar Cirarda laguntzaileagaz batera; La Brecha antzerki konpainiako kideak dira biak. Asteburuan emanaldi bikoitza dute, gaur Ermuan  eta bihar Durangon, etxean. 

Gogotsu asteburuko emanaldi bikoitzerako?
Urduri gaude, baina oso pozik; niri ilusio handia egiten dit San Agustineko oholtzara igotzeak, lehenengo aldia izango baita bertan. Oso gutxitan igo naiz oholtza batera. Arte dramatikoa ikasi nuen, Dantzertin (Goi mailako Arte Dramatiko eta Dantza eskola), eta profesionalki iaz hasi nintzen honetan. Lehenengo Ermuan egiteak lasaitasun apur bat ematen dit, ariketa ona izango da izotzaldia urtzeko, eta oso urduri ez egotea espero dut. Lagun asko joango da emanaldi bietara, baita kanpokoak ere, eta askorentzat lehenengo aldia izango da ni antzezten ikusiko nautena. Babes horrek indar gehiago ematen dit, eta, beraz, urduri banago ere, ilusio handia dut. Gainera, uste dut aukera bat izan daitekeela antzerki zalea ez den jendeari grina hori pizteko.

Antzezlan honetan zure paperak pisu handiagoa du.
Lo que no se ve antzezlana koralagoa zen, eta lan karga banatuagoa zegoen, sei aktoreren artean. Oraingoan lagun bi gara oholtza gainean, lagun biren arteko elkarrizketa bat da eta erregistroa ere halakoa da. Paulari komedia postdramatikoa dela esatea gustatzen zaio, baina ez da antzerki klasikoa; irudi poetikoak eta metaforak ere erabiltzen ditugu, baina kalekoa da erabiltzen dugun hizkera. Horrez gainera, laugarren pareta apurtzen dugula nabarmenduko nuke, publikoagaz interakzioa bilatzen dugulako. Bestalde, fikzioa da, baina gure bizipenetan oinarrituta dago. Paulak amatasunagaz zuen kezka izan da proiektuaren abiapuntua; hasieran, gradu amaierako lan modura aurkeztu zuen, ordu erdiko pieza bat, bakarrizketa formatuan, baina gero handitu egin da proiektua. Pieza laburrean protagonista izateko aukera eskaini zidaten eta oso eskertuta nago. Eskerrak gero biok igoko garela taula gainera, bestela gehiegi izango litzateke niretzat (barrez). 

Paulak testua eman zidanean, harritu egin nintzen, entseatzen hasi ginenean asko aldatu zelako testua lehenengo irakurralditik. Nahiko orekatuta daude bion testuak, baina pozik nago, erronka bat delako niretzat. Gainera, Paulak eta Albarrek konfiantza handia izan dute nigan, hasieratik. Lehenengo egunetik transmititu didate hori, bazekitela ondo egingo nuela, eta horregaitik gura zutela nik egitea. Hori opari bat da niretzat. 

Itzultzailea zara lanbidez. Nondik datortzu antzerkirako zaletasuna?
Niri beti gustatu izan zait gehiago zinema antzerkia baino. Ohituragaitik izan daitekeela uste dut; ohituago gaude pantailetara, are gehiago plataformekin. Baina ikus-entzunezkoaren magia hori betidanik gustatu izan zait. Ikastean ere erosoago sentitzen nintzen kameraren aurrean lan egiten, intimitate gehiago nuelako; baina gatxa ere bada, jakina. Biek dituzte euren abantaila eta desabantailak. Antzerkiak errespetu handia ematen dit, taula gainera igotzeak ere bai, eta niretzat erronka handia izango da, itzela. Azken hileak urduri samar igaro ditut, baina Paulak eta Albarrek nigan konfiantza hori izatea gakoa izan da. Mimo handiz egindako testua da, eta prozesu osoan asko lagundu didate. Oso lankide onak dira, asko zaintzen dutelako dena. Lanean, adibidez, gurago dut testua ondo ikasi, inprobisatzen ibili barik, baina ondo moldatu dira nigaz. Prozesu guztiak gozamen hutsa izan dira. Oso inguru segurua sortu dute lotsa baztertu eta gauzak probatzeko, eta hori ere oso garrantzitsua da. 

Arteak, orokorrean, txikitatik deitu nau: musikak, abesteak... Etxean ere zaleak izan dira beti; zinematik irtetean, etxerako bidean, nire iruditeria martxan hasten zen nire buruan (barrez). Antzerkira helduagotan lotu naiz. Behin itzulpengintza amaiturikoan, duda izan nuen, antzerkia ikasi ala ikus-entzunezko gradua egin. Antzerkia egitea aukeratu nuen, oinarrizkoa zela iruditu zitzaidan eta. Orokorrean, artean lan egitea gatxa dela uste dut, eta oinarri hori ondo ikastea hobea zela iruditu zitzaidan. Lengoaia desberdinak dira, baina badituzte antzeko gauzak ere. Eta esango nuke umorerako ere beti izan dudala sena. 

Aurrera begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Emanaldi gehiago egin ahal izatea antzezlan honegaz. Ikus-entzunezko lanen batean aritzeko aukeraren bat izatea ere gura nuke, baita antzerkian ere. Beste aukera bat bikoizketan edo irratian ere izan liteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!