Fumbarri enpresatik kaleraturiko ordezkari sindikalaren auziak puri-purian egoten jarraitzen du. CCOO sindikatuak manifestazioa egingo du maiatzaren 16an, haren egoera ostera ere lehengoratzea eskatzeko. Sindikatuak ohar bidez berretsi duenez, ordezkariaren kaleratzea "urteetan egindako ekintzen ondorio zuzena baino ez da", hain zuzen ere, ordezkari sindikalak "urteetako lana egin duelako enpresaren jardunbide irregularrak salatzen eta eta lan osasunari zein segurtasunari loturiko eskakizunak egiten, Fumbarriko langile guztien mesedetan".
Sindikatuaren iritziz, enpresak elkarrekin antolatzeko asmotan dabiltzan beharginen kontra egiteko darabil kaleratzea. "Hori guztia dela eta bide legalak eta ekintza sindikala lantzen jarraitzen dugu, egoera hau lehengoratzea lortzeko", esan dute. "Apirilaren 10eko kontzentrazioan esandakoagaz jarraitzen dugu: honako hau hasi baino ez da egin".
Mobilizazio horien baitan kokatu dituzte eskualdean egiten dabiltzan kotxe karabanak, Fumbarri taldeak Gasteizen erositako Olazabal y Huarte enpresara egindako bisita edo Maiatzaren Lehenean Bilbon egindako manifestazioa. Maiatzaren 16an Durangoko kaleetan mobilizatuko dira.