Mankomunitateak eta Durangoko Udalak Gizarte larrialdetarako etxebizitza baten lagapena adostu dute

Anboto 2024ko mai. 1a, 10:58

Erakunde biek hitzarmena sinatu dute Durangoko Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bat Mankomunitateak gizarte larrialdietarako erabili dezan. Lagapena lau urterako da.

Erakunde bietako arduradunek etxebizitza bisitatu dute. Mankomunitateko lehendakari eta lehendakariorde Idoia Otaduyk eta Ainara Otxotorenak nabarmendu dutenez, garrantzitsua da baliabideak handitzea herritarren eskariari erantzuteko:  "Mankomunitatetik lanean jarraituko dugu premia egoeran dauden pertsonek gure laguntza sentitu dezaten. Alde horretatik, garrantzitsua ikusten dugu gure baliabideen eskaintza handitzea, eta, horretarako, Durangoko Udalarekin sinatu duguna bezalako lankidetzak bilatzen jarraituko dugu”.

Durangoko Udaleko zinegotzi Jesica Ruizek eta Sara Ocejak nabarmendu dutenez, “akordio hau Durangoko Udalak erantzukizun sozialarekin eta gure herritar ahulenei laguntzearekin duen konpromisoaren adibide argia da. Gizarte-larrialdietarako etxebizitza hau lagatzeak aukera emango du gehien behar dutenek babesleku seguru eta egokia izan dezaten", esan dute.

Erakunde biek azaldu dutenez, etxebizitza tutelatu honen lagapena "herritarren bizi kalitatea eta integrazioa hobetzeko hartutako konpromisoaren parte da". Mankomunitateak bere gain hartu du etxebizitza modu egokian eta komunitatearen onurarako erabiltzeko konpromisoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!