Ertzaintzak gizon bat atxilotu du lur orotako ibilgailu bat lapurtzea, ausarkeriaz gidatzea eta agenteen aurkako atentatua leporatuta

Anboto 2024ko api. 27a, 16:19

42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen bariku arratsaldean Ertzaintzak Durangon, hainbat delitu egitea leporatuta; gizonak aurrekariak ditu, eta "laster" epailearen aurrera eramango dute, Ertzaintzak berak ohar batean azaldutakoaren arabera. 

Barikuko arratsaldeko 15:00etan Berrizen ibilgailu bat ostu zutela jakin zuen Ertzaintzak; handik gutxira, Urkiola inguruetan identifikatu zuten autoa, eta agenteek gelditzeko agindu arren, gidariak ez zuen kasurik egin, eta gainera, ertzainek "sahiestu egin behar izan zuten autoa". Ostean, iheseari ekin zion gidariak "abiada handian, ausarkeriaz eta arrisku larrian"; Ertzaintzaren arabera, Durangoko herrigunean kontrako norabidean gidatu zuen, eta hainbat objekturekin (hesiak eta piboteak, zehazu du Ertzaintzak) jo zen. Azkenik, San Fausto auzoan atxilotu zuten susmagarria, Atsarte ibaira erori, eta inguruko baratzeetan zela. Alkoholemia proban positibo eman zuen gizonak, baimendutako gehiengoa bikoiztuta; baimendutako maximoa botatako aire litroko 0,25 milimgramo alkoholekoa da, eta gizonak 0,50 miligramo eman zuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!