Madalena plaza, itxuraberrituta zabalik

Anboto 2024ko api. 23a, 16:23

Lehengo petrilak kenduta, aisialdirako gune irisgarriago bat estreinatu du plazak. Horrez gainera, zoladura, landaredia, hiri-altzariak, iturria eta argiztapena berritu dituzte.

Durangoko Madalena plazak itxura berria estreinatu du gaur. Atzean geratu dira hilabetetako lanak. Eta lehen hain irisgarria ez zen plaza eremua, petrilez eta oztopo arkitektonikoz inguratua zegoena, garbiagoa da orain. Joan etorria oztopatzen zuten elementuak kentzeaz gainera, zoladura, landaredia, hiri-altzariak, iturria eta argiztapena hobetu dituzte. Komun publikoa ipintzea baino ez da falta. Azpiegitura hori epe laburrean atonduko duela adierazi du Durangoko Udalak. 

Berritze-lanak aisialdiari eta irisgarritasunari begira egin dituzte, guztira 1.779 metro karratuko eremuan. Obra bederatzi hilabetetan gauzatu dute, 478.000 euroko inbertsioa eginda. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak plazaren eraldaketa nabarmena azpimarratu du: "Durangoko herritarrok Madalena plaza berritua merezi dugu, irisgarria dena eta aisialdirako ingurune atsegina eskainiko duena. Plaza guztiz berritua adin guztietako pertsonak elkartzeko, durangarrak eta bisitariak giro eroso eta ederrean elkartzeko, jartzen dugu herritarren eskura".

EH Bildu eta Herriaren Eskubidea pozik

EH BIldu pozik agertu da Madalena plazaren itxura berriagaz. Bertako Auzo Alai elkartearekin eta bizilagunekin egindako lanak "bere fruituak" eman dituela azpimarratu du: "Proiektu hori egia bihurtu da, auzoarekin egindako lanari esker; izan ere, Madalena ermitan auzokideekin hainbat bilera egin ondoren, Auzo Alai elkarteak eta auzoko bizilagunek egindako ekarpenak bildu eta proiektua azaldu ondoren, lan horren emaitza amaituta ikusi da orain". Proiektua aurreko legealdiko gobernu taldeak abiatu zuela azpimarratu dute. 

Herriaren Eskubideak ere bere poza agertu du: "Berritze proiektua lehentasuna zen gure programan eta aurreko legealdiko gobernu planean". Jorge Varela bozeramaileak azpimarratu duenez, "hainbeste urtean abandonatuta" egondako plazak "auzoko erdigunea izatea merezi zuen berriro ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!