Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

Mugikortasun urria duten pertsonek hauteslekuetarako sarbide irisgarria izango dute Durangon

Anboto 2024ko api. 18a, 10:55

Durangoko Udalak irisgarritasuna errazteko neurriak bermatuko ditu hiru hauteslekutan: San Agustin Kulturgunean, udaletxean eta Bizenta Mogel Bibliotekan.

Domekako hauteskundeak direla eta Durangoko Udalak irisgarritasun neurri bereziak ipini ditu mugikortasun urria izan eta botoa ematera autoz gerturatuko direnen herritarrentzat. Neurriok Alde Zaharreko hauteslekuetan ezarriko dituzte: San Agustin Kulturgunean, udaletxean eta Bizenta Mogel Bibliotekan. Mugikortasun urria duten herritarrek zuzenean hurbildu ahal izango dute hauteslekuetako sarrerara, bakarrik edo lagunduta. Baimen hori erabiltzeko, interesdunek honako aukeretako bat hautatu beharko dute:

620868350 telefonora whatsapp mezua bidaltzea ibilgailuaren matrikula eta iristeko aurreikusitako ordua adierazita. Edo, aldez aurretik abisatu beharrik barik, bertan izango den administrazioaren ordezkariarekin zuzenean hartu emanetan ipintzea, txaleko hori batekin identifikatuta. 

Durangoko Udalak herritar guztien laguntza eskertu du, eta hautesle guztientzat irisgarria den hauteskunde eguna ziurtatzeko konpromisoa berretsi du.

Kabina irisgarriak eskatu dituzte

Herriaren Eskubideak herritar guztiek botoa emateko duten eskubidea bermatzea eskatu du. Hain zuzen ere, hautesleku guztietan gutxienez irisgarria izango den kabina bat egotea eskatu du, eta gogora ekarri dute uztaileko hauteskundeetan "ez zegoela horrelakorik" hautesleku guztietan. Durangoko Udalak plazaratutako informazioaren harira, honako ñabardura hau egoin dute: "mugikortasun murriztua duten pertsonek eskubidea dute urteko edozein egunetan oinezkoentzako guneetan sartzeko". 2022ko apirilaren 27an onartutako oinezkoentzako guneak arautzeko ordenantzak halantxik jasotzen duela gogoratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!