Durangoko Udalaren arabera EH Bilduk Correos eraikinaren egoerari buruz egindako adierazpenak faltsuak dira

Anboto 2024ko api. 11a, 15:40

Durangoko Udalak ohar bidez adierazi du Correos zaharraren eraikina eraberritzeko proiektura bideratutako dirulaguntza mantentzeko "hasieratik arretaz lan egin" duela. Hala ere, udalaren arabera, proiektua ezingo da gauzatu hasieran aurreikusitako epe eta baldintzen "oztopo gaindiezinen" ondorioz. 

Udalaren arabera, EH Bilduren proposamenak ez du betetzen Hiri Antolamendurako Plana; "Gaur egungo erregulazioek hirugarren solairuaren altuera nabarmen murriztea eskatuko lukete, eta horrek haren erabilgarritasun praktikoa arriskuan jarriko luke eta onura publikorako erabil daitekeen espazioa maximizatzeko helburuarekin kontraesanean dago". Horrez gainera, EH Bilduk Pinondo etxearen zaharberritzeari buruzko "informazio okerra" eman du. "Gastua 3,5 milioi eurokoa dela argudiatu dute. Baieztapen horien aurka, udal arkitektoak egindako aurrekontua 2 milioi eurokoa da birgaitze integral baterako", arrazoitu dute. 

Bestalde, Durangoko Udalaren arabera alternatiba berria da aukerarik egokiena herritarrentako. "Kultur Etxearen proiektua Pinondo etxean gauzatuko da, bertako bizitza kulturala errespetatzen eta era onean egokitzen den lekuan, eta Correos eraikina eraitsi egingo da udaletxeko plaza handitzeko, Durangoko bizitza kulturala ere bultzatzen duena". 

Udalak, ohar berean, oposizioko alderdi politikoei, "eta bereziki EH Bilduri", arduraz jokatzeko eskatu die, "herritarrei informazio faltsurik ez zabaltzeko eta Durangoko elkarte eta eragileak komunikazio eztabaidagarriekin konprometitzen ez saiatzeko". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!