Nondik dator erakusketaren ideia?
Emakumeen Wikipediako Durangoko kideak euren lana egiten hasi zirenean, argazkirik ez zutela edo kalitate txarrekoak zirela ikusi zuten. Nire lana sare sozialen bitartez ezagutzen zuten, eta horrela hasi ginen. Kasu batzuetan, argazkirik ere ez zegoen, eta, beraz, ikerketa lana ere egin behar izan nuen. Interesatu egiten zait marrazten ditudan emakumeei buruz informazioa edukitzea. Erakusketaren ideia Marisa Barrenarena izan zen; azken finean, ia 200 erretratu egin ditut. Ez Durangaldekoenak bakarrik, baita Euskal Herrikoenak eta mundu mailakoenak ere. Kartelean, adibidez, Björk agertzen da, eta galdetu didate ea durangarra den (barrez). Asko egin ditut eta eurek erabaki zuten Durangaldeko emakumeen ilustrazioekin erakusketa egitea. Aurrera begira, beste erakusketa batzuk egitea pentsatzen gabiltza. Asko harritu naiz lan hau egitean, orain 200 urte bazegoelako jendea gaur egun egiten direnak egiten, baina ordukoek ez zuten aitortzarik izan. Asko ezagutu ere ez ditugu egiten. Erakusketa nahiko sinplea da, zuzena, interesgarriak iruditzen zaizkigun datuak eskaintzen ditugu, erretratuaz gainera; nortzuk ziren, nongoak ziren, zein urtetakoak... Behin lana eginda, lan hori erakustea izan zen Marisaren ardura, ahanzturan ez geratzea.
Zelan erabaki duzue zein erretratu sartu erakusketan eta zein ez?
Marisa sare sozialetatik ezagutzen nuen, emakumeen urtegunak eta wikipediako profilak zabaldu eta ezagutarazten dituelako. Rigoberta Menchurenak eta horrelakoenak ipini izan ditu, eta nik erretratua egin, neure kabuz. Ezagutzen nituen emakumeenak egin ditut, baina baita ezagutzen ez nituenenak ere. Gero, denen artean joan gara proposamenak egiten. Aukeraketa Marisak berak egin zuen eta ez zen erraza izan. Oihana Azkorbebeitia, adibidez, gaur egungoa da, eta bere erretratua bertan egotea gura nuen, kirola eta Euskal Herria daramatzan lekuetara daramatzalako. Emakume eta lagun modura, erakusketan egotea gura nuen.
Ondo dago gaur egungoak historikoagoekin nahastea.
Bai, hor daude erraketistak, adibidez. Denerik dago: albaitari bat, emagin bat, ETAko kide bat, armadako beste bat... eta erakusketan egon ezin diren guztiak ere.
Zelako harrera izaten ari da erakusketa?
Esango nuke niri proposamena egin zidatenean gertatu zitzaidan berdina gertatzen ari zaiola jendeari; hau da, emakumeak egiten zutena hori jakiteagatik harritzea. Eta jendeak, aurpegi ezagunak ikustean, jende berria aurkezten dizu. Eta horrek mugimendu bat sortzen du. Nire liburu biak kaleratu dituenak, Igor Meltxorrek, antzeko ideia bat du buruan. Nik adibide bera ipintzen dut beti, eta ez diet meriturik kendu gura Lur Errekondo harrijasotzaileari edo gaur egungo emakume aizkolariei, baina orain urte asko ere bazeuden emakume harrijasotzaile eta aizkolariak. Baina orduan ez zegoen sare sozialik, eta telebistan ez zieten kasurik egiten. Horrela, ahanzturan geratu dira. Albaitariak ere bazeuden egon, baina ez zieten lanik egiten uzten. Garai hartako emakumeek ez zuten babesik. Gaur egun gatxa bada, imajinatu zer izango zen orduko denboretan!
Aitortza hori aldatu egin da?
Lehengo emakumeek baino askoz ere errazago dugu, baina gauza batzuk konplikatuak dira oraindino. Garai hartan egiten zutena txapela kentzeko modukoa da, egiten zutenaz gainera baserriko kontuez, umeez eta beste hainbat gauzez ere arduratu behar izaten zutelako. Guk ere egin behar izan dugu gure bidea, baina beste babes bat izan dugu, beste aukera batzuk. Traba ugari, karrera amaitu hala ere, eta lana egiteko oztopoak izaten zituzten gero. Bide asko zabaldu zituzten, eta hori ez zaie aitortzen; nik neuk, adibidez, ez nekien horrela izan zela. Eta, esan dudan moduan, horrelakoei eskerrak zabaldu zaigu bidea gainerakooi. Ni, adibidez, hogei urtez metalgintzan aritu naiz beharrean; amama orain lau urte hil zen, baina aurretik esan zidan bera gai izan zela Espainiako gerran jostun aritzeko, alargun, eta haurdun egonda ere aurrera egiteko. Zelan ez naiz, ba, ni gai izango? Emakume hauek gai izan baziren, gu zergaitik ez? Ondo legoke erakusketaren bitartez bultzadatxo hori ematea.
Zein izan duzu erronkarik handiena?
Marrazketa digitalerako jauzia izan da gatxena niretzat. Oleoa egitetik nator, batez ere. Arkatzagaz ere marraztu izan dut. "Edo hemen sartu edo atzean geratuko naiz", pentsatu nuen, eta horri ekitea erabaki nuen. Eta horrek asko erraztu du lana. Sare sozialek ere asko lagundu didate. Zuri-beltzean margotzen jarraitzen dut, baina koloreekin-eta probatu dezaket. Hala ere, brotxagaz margotzen jarraitzea dut gustuko, eta horretan ere ahalegintzen naiz.