Berbaroren 'Labur Esanda' maratoia apirilaren 19tik 20ra jokatuko da

Anboto 2024ko api. 11a, 11:54

Iazko parte hartzaileen familia argazkia.

Film laburren lehiaketan izena emateko aukera zabaldu dute. Parte hartzaileek apirilaren 19an jasoko dituzte pelikula egin ahal izateko argibideak. 16:00etan, Plateruenean.

Irudimena, sorkuntza eta auzolana batzen dituen Labur Esanda film laburren lehiaketa bueltan da. Berbarok aurtengo edizioaren xehetasunak argitu ditu. Lehiaketa apirilaren 19tik 20ra jokatuko da, ohi bezala, parte hartzaileei film laburra egin ahal izateko 24 orduko denbora emanda.

Lehiaketara aurkezten diren taldeek apirilaren 19an, arratsaldeko 16:00etan jasoko dituzte pelikulan erabili beharreko gaia, objektua eta esaldia. Hortik aurrera, gidoia, aktore-lanak, zuzendaritza eta produkzio gaitasunak erabili beharko dituzte erlojuaren kontra, 24 orduan film laburra entregatzeko.

Bukatutako film laburrak Plateruena Kultur Aterpean ikusi ahalko dira apirilaren 20an, 22:00etan. Lehiakideez gainera edonor joan ahalko du filmak ikusi eta tarte atsegin bat igarotzeko. 

Berbarok aurreratu duenez, 600 euro egongo dira saritan. Lehiakideek lotura honetan eman dezakete izena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!