Trenaren trazaduran Bide Berdea egin ahal izateko proiektua idazten hasi dira

Anboto 2024ko api. 11a, 09:56

Durangoko Udalak pauso berri bat eman du Ermodo kaletik Olleria kalera arte doan trenaren trazadura eraberritzeko proiektuan. Oraintsu, proiektua idazteko lanak esleitu dituzte. Artabe arquitectos SL enpresak irabazi du lehiaketa publikoa eta, orain, eta hark izango du proiektua idazteko ardura. Gutxi gorabehera, hiru hilabeteko epea izango dute zeregin horretarako.

Garai bateko trenbidearen trazaduran bide berdea egiteko proiektuak 955.000 euroko inbertsioa izango du bere osotasunean. Une honetan proiektua idazten hasiko dira. Maiatz aldean, berriz, trazadurako tarte bitan obrak egiteko proiektuak aterako dituzte lehiaketa publikora. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak azaldu dute udala trazadura "bide berde bihurtzeko lanean" dabilela. Azpiegitura berriak "herria lotuko du, eta elkargunerako, joan-etorrietarako eta mugikortasun iraunkorrerako espazio bat eskainiko die durangarrei".

Bide berdeak 905 metro eta 7.487 metro karratuko eremua egokitzea ekarriko du Durangoko erdigunetik hasi eta Abadiñora arteko mugaraino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!