'Harrotze Astea' dela eta, euskara aldarrikatzeko kalejira egingo dute Durangoko kaleetan

Ekaitz Herrera 2024ko api. 11a, 09:20

Kalejira aldarrikatzailea apirilaren 26an egingo dute 18:00etatik aurrera, herriko kaleetan. 'Harrotze Astea' apirilaren 22tik 28ra egingo da Euskal Herriko luze-zabalean. Atzo aurkeztu zuten dinamika, San Agustin Kulturgunean. EHEko Ibon Leibar kideak eman zituen azalpenak.

Euskal Herrian Euskarazek Harrotze Astea aurkeztu zuen atzo Durangoko San Agustin Kulturgunean. Azaldu zutenez, era askotako mobilizazioak eta ekintzak egingo dituzte Euskal Herrian zehar. Adibidez, apirilaren 24an, manifestazio-desfilea egingo dute Bilboko espaloietan, Euskaraz bizitzeko, ez gara espaloitik jaitsiko lelopean. Hilaren 25ean hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko topaketa egingo dute Beskoitzen (Lapurdi), eta apirilaren 26an mobilizazioa egingo dute Donostiako kaleetan, "euskararen eta euskaldunen erasotzaileak seinalatzeko". Azkenik, hilaren 28an, Baigorrin (Nafarroa Beherea) Nafarroaren Eguna ospatuko dela aprobetxatuta, Euskararen Errepublika aldarrikatuko dute. Egitasmo guztiak "euskararen aldeko borrokak pizteko", euskaldunen "kontzientziak astintzeko", hizkuntzaren aurkako "zapalkuntzaren arduradunak eta konplizeak seinalatzeko" eta Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeko helburuagaz egingo dituzte.

Durangon ere bai

Euskal Herrian Euskarazen aldarrikapenek eskualdean ere izango dute isla. Adibidez, Durangon. Bertako Euskal Herrian Euskarazeko kideek azaldu dutenez, "egitasmo nazionalak antolatzeaz gainera beharrezkoa da tokian tokiko ekintzak eta mobilizazioak egitea". Hori dela eta, apirilaren 26an kalejira aldarrikatzailea egingo dute herriko kaleetan. "Mobilizazioaren helburua euskararen ingruko aldarrikapenak kaleratzea" izango dela aurreratu dute. Kalejira 18:00etan hasiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!