Kaleratu duten langileari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Fumbarrin

Anboto 2024ko api. 10a, 12:04

Durangoko Fumbarri lantegi parean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, oraintsu kaleratu duten langileari babesa agertzeko. Dozenaka lagun batu dira bertan kanporatu duten lankidea berriro hartzea eskatzeko. 

Jaime Intxausti CCOO sindikatuko kidearen berbetan, 2023ko urtarriletik hona hiru kaleratze egon dira, aurreko bietan langileak ostera hartu dituzten arren. "Aurreko bi kaleratzeetan egoerari buelta eman diogu, eta langile honen kasuan ere bere lanpostura itzultzeko lanean jarraituko dugu; berak hogei urtetik gora egin ditu lehen lerroan beste langileon eskubideen defentsan", gehitu du. Loli Garcia CCOO sindikatuko Euskadiko idazkariak, bestalde, enpresaren jarrera salatu du. "Enpresaren jazarpena salatu gura dugu; istripuak egon dira enpresa honetan eta zuzendaritzak ez du neurririk hartu. Hain zuzen ere, horregatik egiten ari dira sindikatuaren aurka. Hau oso larria da, borroka hau ezin dugu galdu eta gure eskuetan dagoena egingo dugu enpresa honen jarrera mafiosoa aldatzeko", gehitu du Garciak. 

Datorren asteko martitzen eta barikuan auto karabanak egingo dituztela aurreratu dute, baita ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!