Migrazioaren beharrizanak eta baliabideak hausnartzeko saioa egingo dute Durangon

Anboto 2024ko api. 10a, 08:30
Arrazakeriaren kontrako kontzentrazio bat, iaz, Andra Marin.

Durangoko Immigrazio Sailak Arrazakeriaren Kontrako Astea antolatu du. Ekitaldietako batzuk ikastetxeetan landuko dituzte. Beste batzuk familia arloan, eta badira etorri berriekin landuko dituzten beste batzuk. batzuk etorri berriei begirakoak dira

Durangoko Immigrazio Sailak egitaraua kaleratu du Arrazakeriaren Aurkako Astea dela eta. Apirilaren 19an egingo dute egitarauko lehenengo ekintza, pelikula baten proiekzioagaz. San Agustin Kulturgunean Dounia eta Alepoko printzesa filma eskainiko dute. Pelikula kanadiarra da, André Kadik eta Maria Zarifek zuzendua. Umeek bikoiztu dute euskarara. Immigrazio Saileko iturrien esanetan, arrazakeriaren kontrako balioak eskola eremura hurbiltzeko eta ikasleak era inklusiboan hezteko film aproposa da. Emanaldia 18:00etan izango da.

Apirilaren 25ean, World-kafea egingo dute Elkartegian. Bertan migrazioak dituen premiei eta baliabideei buruz hausnartuko dute. Jardunaldia 16:00etatik aurrera izango da. Apirilaren 27an, berriz, kalera irtengo dute, etorri berriei Durangok eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera. Bisita gidatuak 10:30etan irtengo du Herritarrentzako Arreta Zentroaren aurretik. Gisa honetako ibilbide gidatuak ekainaren 20an, (10:30ean), urriaren 5ean (16:30ean) eta abenduaren 12an (10:30ean) errepikatuko dituzte.

Horrez gainera, Immigrazio Sailak jakinarazi du hainbat jarduera egingo dituztela herriko ikastetxeekin. Besteak beste zinema, Giza Eskubideak, prestakuntza eta irrati tailerrak izango dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!