Durangoko 700 bat ikaslek parte hartuko dute Book Trailerren zortzigarren lehiaketan

Anboto 2024ko api. 9a, 16:01

Aurtengo edizioan Giza Eskubideak, bakea, bizikidetza eta kulturartekotasuna landuko dituzte. Lehenengo saioa apirilaren 8an egin zuten Jesuitak ikastetxean. Bigarren saioa maiatzaren 9an egingo dute, Frai Juan Zumarraga institutuan.

Book Trailer lehiaketa bueltan da gazteen artean irakurketa, sormena eta azterketa kritikoa sustatzeko helburuz. Lehiaketaren testuinguruan, Durango Irratiaren partaidetzarekin, saio bi antolatu dituzte ikasleekin. Lehenengo saioa apirilaren 8an egin zuten Jesuitak ikastetxean. Ikasleek Imanol Tabera historialaria elkarrizketatu zuten Martxoaren 31ko bonbardaketei buruzkoak aletuta. Bigarren saioa maiatzaren 9an egingo dute, Frai Juan Zumarraga institutuko ikasleekin. Kasu honetan, ikasleek Unai Iturriaga bertsolari eta komikigilea elkarrizketatu dute Udaberririk ankerrena lana ardatz hartuta. Guztira, 700 bat ikaslek parte hartuko dute jardunaldietan.

Sari ugari

Maiatzaren 19an, lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egingo dute Plateruenean. Bertan Book Trailerrik onenak sarituko dituzte hainbat kategoriatan.

  • Kategoria orokorra: Bi taldetan banatuta dago. A kategoriak 2010 eta 2012 artean jaiotako gazteak biltzen ditu. B kategorian, aldiz, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoak . Bi kategorietako irabazleek 150€, liburu elektroniko bat eta liburu-sorta bat jasoko dituzte.
  • Gidoirik onena: 150€-ko sari berezia, liburu elektroniko bat eta liburu-sorta.
  • Publikoaren saria: Ekitaldira bertaratzen direnek Book Trailer gogokoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute, talde irabazleko kide bakoitzari liburu elektroniko bat eta liburu sorta bat emanez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!