Ez da inor aurkeztu Otamotzena auzoguneko taberna kudeatzeko lizitazio prozesura

Anboto 2024ko api. 9a, 15:36

Durangoko Udala proiektua ostera ere lehiaketa publikora ateratzeko aukerak aztertzen dabil. Datozen asteetan berrabiarazi gura du prozesua. 

Hilabete batzuk pasatu dira Durangoko Otamotzena auzoan gizarte etxea zabaldu zutenetik. Herria Auzo Elkarteko eta Otamotzena auzoguneko kideak buru-belarri ibili dira hilabeteotan kultur eskaintza bat osatzen. Baina oraingoz, ez dute bertako taberna kudeatzeko ardura hartuko duen inor topatu. Durangoko Udalak taberna kudeatzeko proiektua atera zuen lehiaketa publikora, martxoaren erdialdean. Orain, proposamenak aurkezteko epea agortuta, hautagairik aurkeztu ez dela jakinarazi dute udal iturriek.

Hori ikusirik, udalak prozesua berrabiaraziko du datozen asteetan. Gogoratu duenez, taberna berri-berria da, eta azpiegitura prest dago berehala martxan ipintzeko. Ustiatzeko iraupena urtebetekoa izango da, lau urtera arteko luzapen batekin. Udalak sektoreko profesionalak animatu ditu deialdi berriari adi egon eta proposamenak aurkeztera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!