Berbarok eta Mankomunitateak ikus-entzunezko proiektu berri bat sortu dute: Aldagela. Instagram eta TikTok sare sozialetara egokitutako proiektua da, elkarrizketen bidez Durangaldeko kirol klubak eta elkarteetako kirolariak (triatloia, futbola, atletismoa, saskibaloia...) gertuagotik ezagutzea ahalbidetzen duena. Gazteei zuzendutako egitasmoa da, euskara hutsean egindakoa. "Klub bakoitza komunitate bihurtzen duten grina, izerdi eta ahaleginetan murgilduko gara. Futbol zelaietatik atletismo pistetaraino eta askoz gehiago, gure taldeek egiten duten guztia erakutsiko dizuegu, haien eskutik", azaldu du Berbarok.
Martxo amaieran ekin zioten kanala elikatzeari. Dagoeneko hainbat bideo batu dituzte. Tartean daude Abadiñoko sokatira taldeko Edu Mendizabali eta Mugarra triatloi taldeko Lide Azuetari egindako elkarrizketak.
Aldagela Elene Barrutia durangarrak gidatzen du, Instagramen eta TikToken arrakasta lortu duen Barratik Kalera proiektuko aurkezleak. Honako lotura honetan harpidetu daiteke Aldagelaren Instagram kontura.