“Bideoek izan duten harrerak asko harritu gaitu; ez genuen espero”

Aitziber Basauri 2022ko aza. 19a, 10:20

Elene Barrutia eta Lucía Meruelo, Mikel Martinezegaz eta Ane Tamayogaz batera, 'Barratik kalera' ekimenaren atzean daude. Martxoan jaiotako proiektua da 'Barratik kalera' (@barratik_kalera). Youtuben hasi zuen ibilbidea, baina gaur egun TikToken, Instagramen eta Twitterren hartu du lekua. Parranda giroan, askotariko gaien inguruan galdetuta gazteek botatako erantzunak batzen dituzte. Gasteizen, Bilbon, Aretxabaletan, Arrasaten eta Durangon egon dira.

Zer da 'Barratik kalera'?
Elene: Eskolako lan moduan hasi zen ekimena da, eta jendeak gustuko zuela ikusita, saio gehiago eskatzen zituztela ikusita, aurrera jarraitu du. Entretenimendurako produktua eskatu ziguten, eta argi genuen kale inkestak egin gura genituela. Gaztelaniazko hainbat bideo ikusten dugu, baina euskaraz ez dago horrelako edukirik, eta garrantzitsua iruditzen zaigu euskaraz ere askotariko produktuak eskaintzea.

Hasieran, barra baten atzetik egindako galderetan oinarrituriko saioa zen.
Lucía: Bai. Tokian tokiko espezialitatea probatzeko saioa egiten genuen eta, azpiatal modura, kalean jendeari hainbat gairi buruz egindako galderak sartzen genituen. Ikusita bigarren horrek zuela arrakastarik gehien, horri eutsi genion. Bada, orain, parranda giroan askotariko gaiei buruzko kale inkestek osatzen dute 'Barratik kalera'.

Zein da helburua?
Lucía: Jendeak bideoekin disfrutatzen badu, lan horregaz jarraitzea. Proiektuak arrakasta izatea guretzat ere onuragarria da, gure ikasketetarako, esperientzia hartzeko. Asko ikasten gabiltza.
Elene: Bai, eginaz ikasten da.

'Barratik kalera'-ko zenbait bideo oso biralak egin dira.
Lucía. Bai, guk ere flipatu egin dugu. Lehenengo elkarrizketak Gasteizen grabatu genituen, eta orduko bideo batek 283.000 bistaratze izan ditu. Eta Bilbon egindako beste batek 380.000.

Zein da epe laburrerako erronka?
Lucía: Beste bideo bat ere biral egitea lortzea (barrez).

Izandako oihartzunak harritu egin zaituzte?
Elene: Itzelean. Ez genuen inondik inora espero. Lucía: Asko! Unibertsitaterako egin behar izan dugun lana izan delako erantzun dute askok, baina gero bideoa kentzeko eskatu digute batzuek. Hori ere gertatu zaigu. Eta arazorik barik kendu ditugu, jakina. 

Mikrofonoa hurbildu eta lotsarik barik erantzun dizuete. Askotan kontrakoa gertatzen da.
Elene: Denerik dago. Egun batean ilara dugu zain, eta bestean ezezkoak baino ez ditugu jasotzen.
Lucía: Apur bat ezagun egin garenez, orain euren showa egitera etortzen dira batzuk.

Zein da gogoan duzuen pasarterik bitxiena?
Lucía: Batek esan zigun taberna bateko komunean zegoela taberna itxi zutenean. Pertsona berak Durangon errekara jausi zela ere esan zigun. Mugikorra galdu zuen eta Ertzainen komisariara joan zen goitik behera bustita. Badago errekera jausteko moduko lekurik Durangon?

Jai giroan sentimenduak goresten dira, gizontasunarenak adibidez.
Lucía: Gizontasunarenak bai! (barrez).
Elene: Laguntasunarenak ere bai.

Non ikusiko zaituztegu berriro?
Elene: Ez dakigu. Pintxopoteren batean...
Lucía: Gasteizen edo Durangoko Azokan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!