Ibai Cebrian durangarrak podiumean amaitu du Calamorro Skyrace proba

Anboto 2024ko api. 8a, 15:58
Ibai Cebrian Calamorro proban (Argazkia: @_guaresti_)

Promesen mailan hirugarren geratu da.

Ibai Cebrian (2002, Durango) goi mailan aritu zen joan zen zapatuan, Benalmadenako (Malaga, Andaluzia) Calamorro Skyrace proban. Euskal Selekzioaren elastikoagaz, hirugarren amaitu zuen promesen mailan. Bere denbora, honako hau: 02:52:09. Miguel Benitez ( 02:42:56) eta Lorenzo Rota (02:45:20) bakarrik geratu ziren bere aurretik. Sailkapen orokorrean, berriz, 21. tokian geratu zen.

Lehenengoz parte hartzen zuen proban podiuma zapaltzea "sorpresa" izan da. "Hiru ordutik jaistea buruan neukan zerbait zen, baina ez nuen espero hain postu eta denbora onak egitea", adierazi du maiatzean 22 urte egingo dituen durangarrak. Lasterketako lehenengo malda teknikoa bizi-bizi igo zuen eta ondoren erritmoari eutsi zion. "Sentsazio oso onak izan nituen", onartu du.

Skyrunningeko hirugarren proba izango du bere hurrengo hitzordua. Ondoren, Txindokiko kilometro bertikalean ariko da eta Espainiako txapelketara sailkatzen saiatuko da. Bertikalen Euskadiko txapelketan parte hartzeko asmoa ere badu, Zegaman.

Ibai Cebrian Euskal Selekzioko taldekideekin. (Argazkia: @_guaresti_)

Ibai Cebrian pozik lortutako emaitzarekin (Argazkia: @_guaresti_)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!