Durangoko Udalak locker adimendunak jarri ditu

Anboto 2024ko api. 8a, 15:18

Lehenengo armairua martxoaren 6an jarri zen, Merkatu Plazaren aurrean, eta
bigarrena, berriz, martxoaren 13an, TADU aparkalekuaren ondoan.

Herritarren zerbitzuak hobetzeko asmoz, Durangoko Udalak bi armairu adimendun jarri ditu udalerrian. Proiektu honek 41.350euroko inbertsioa eskatu du eta tokiko enpresen eta herritarren arteko harremana errazteko eta modernizatzeko erabiliko da, udalak ohar batean azaldu duenez.

Lehenengo armairua martxoaren 6an jarri zen, Merkatu Plazaren aurrean, eta bigarrena, berriz, martxoak 13an, TADU aparkalekuaren ondoan. Zerbitzua Dendak Bai merkatari elkartearekin armairuen erabilerari buruzko prestakuntza egin ostean jarriko da martxan. Leihatila adimendun horiek interfaze irisgarria eta erabilerraza eskainiko dute telefono mugikor baten bidez, eta erabiltzaileei aukera emango diete kaxoi sistema erraztasunez erabiltzeko. Gainera, kaxoi batzuek hozkailua dute, elikagaiak eta edariak baldintza ezin hobean kontserbatzeko aukera emanez.

Leihatila adimendun horiek instalatuta, Durangoko Udalak "irtenbide praktiko bat" eskaini nahi die herritarrei eta udalerriko negozioei, harreman malguagoa eta egungo beharretara egokitua sustatzeko.

Jesica Ruiz zinegotziak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Produktuak entregatzeko irtenbide moderno eta eraginkorra eskaintzean, gure saltokien eta komunitatearen arteko lotura indartzen ari gara, egungo eskaeretara egokituz, etorkizuna ahaztu gabe. Adibide argia da Udalak etengabe bilatzen dituela Durangoko ehun komertziala babesteko eta indartzeko moduak, aldi berean gure bizilagunak teknologiak eskaintzen dizkigun abantailez balia daitezen erraztuz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!