Ima Garrastatxuk, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburu denak, agerraldia egin du goiz honetan Andra Marin. Hautagai durangarrak arlo kulturalari begirako gaiak izan ditu ahotan. Bai etxekoak, bai Euskal Autonomia Erkidegokoak. Garrastatxuren iritziz, "ezinbestekoa" da kulturan eta "bereziki euskal kulturan inbertsio publikoak" egitea, eta "gizarteko eragileekin, kultur ekosistemarekin, elkarlanean jardutea". Gaineratu duenez, Durangon lau urtez jardun dute konpromiso horrekin, "proiektu zaharrak berritzen, eta berriak martxan ipintzen". Eta hain zuzen ere, norabide horretan kokatu du Correoseko eraikin zaharra birgaitu eta bertan kultur etxe bat egiteko proiektua. Garrastatxuk ezin ulertutzat jo du udalerriko gobernu taldeak hartutako erabakia: "Ezin dugu ulertu oraingo gobernu taldeak zelan egin dion uko proiektuari, zelan ukatu dien aukera hori herritarrei". EH Bilduko hautagaiaren iritziz, gertaturikoa "esklusio itun" bati zor zaio. "Horrelakoak gertatzen dira aukeratutako bidelagunak euskararen eta euskal kulturaren aurkakoak direnean", adierazi du.
Estatutu berria kultur langileentzat
Bestalde, Garrastatxuk, Euskal Autonomia Erkidegoari begirako proposamen politikoak izan ditu ahotan. Kultur arloko profesionalek era "zaurgarrian" eta "baldintza eskasetan" lan egiten dutela-eta, Artisten, Sortzaileen eta Kultur Langileen Euskal Estatutua garatzeko konpromisoa hartu du hautagaiak. "Estatutu horrek lanabesak eta eskumenak ahalik eta gehien zukutzea ahalbidetuko luke, oinarriko kultura adierazpenak indartzeko eta defendatzeko, horiek direlako ekosistema kulturalaren oinarria, eta ez termino monetarioetan soilik neurtzen diren mega-proiektuak eta makro-ekitaldiak; eta hori ez ezik, sektorean lan baldintza duinak eta kudeaketa demokratikoago bat bermatzeko aukera ere emango luke", adierazi du.
Garrastatxugaz batera, Julen Arzuaga legebiltzarkide berriztarra, Iker Urkiza zinegotzi durangarra, Aitor Lopez zinegotzi zaldibartarra eta Diana Urrea legebiltzarkidea egon dira agerraldian.