Durangoko Udaltzaingoak bizikleta abandonatuak kentzeko kanpaina abiatu du

Anboto 2024ko api. 3a, 16:00

Abandonu-zantzuak dituzten bizikleta guztiak udaltzainek kendu eta hiri-hondakin gisa prozesatuko dituzte.

Durangoko Udalak, Udaltzaingoaren bitartez, kanpaina berri bat jarri du abian, espazio publikoetan abandonu-zantzu nabarmenak dituzten bizikletak identifikatu eta kentzeko. Jada lehen bizikletak kentzeari ekin diote udaltzainek, bereziki abandonu-zantzu gehien dituztenak. "Ekimen honen helburua espazioak askatzea eta hiri-estetika hobetzea da", adierazi dute udaletik ohar batean. Horrez gainera, eremu komunak "oztoporik gabe" mantentzeko beharrari erantzuten dio kanpainak, "oinezkoen eta ibilgailuen joan etorria erraztuz".

Erretiratzea saihesteko, abandonatutzat jo daitezkeen bizikleten jabeek neurriak hartu behar dituzte. Kasu horietan nola jokatu jakiteko eta kanpainarekin lotutako edozein zalantza argitzeko udaltzaingoaren telefono honetara deitu daiteke: 946 030 010.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!