Espainiako gerrak Durangaldean utzitako aztarnen argazkiegaz erakusketa antolatu du Gerediaga elkarteak

Anboto 2024ko mar. 21a, 08:40

Jesus Mari Arruabarrena, Mireia Elkoroiribe, Garazi Arrizabalaga eta Beñat Gaztelurrutia.

Gerediaga elkarteak 'Gerraren zantzuak Durangaldean' erakusketa antolatu du Durangoko Udalaren laguntzagaz. Jesus Mari Arruabarrenaren 53 argazki eta testuk osatzen dute. Maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. 

Martxoaren 31ko bonbardaketaren inguruko ekitaldiak antolatzen hasi dira Durangon. Horietariko bat Gerra zantzuak Durangaldean erakusketa da. Espainiako gerrak Durangaldean utziriko aztarnei argazkiak atera dizkie Jesus Mari Arruabarrena argazkilariak; guztira, 53 argazki eta testuk osatzen dute Durangoko Arte eta Historia museoan ikusgai dagoen erakusketa. Gerediaga elkarteak prestatu du erakusketa, Durangoko Udalaren laguntzagaz, eta gerrari zuzenean loturiko argazkiak daude bertan (azpiegitura, armak,...), bonbardaketek utziriko aztarnak erakusten dituztenak, hildakoen presentzia dutenak (oroigarriak zein gorpuzkiak) eta oroimen ekitaldietakoak. "Erakusketa hau aukera paregabea da gure tokiko historiari buruz hausnartzeko eta gerraren izugarrikeriak bizi izan zituztenen oroimena ohoratzeko", azaldu du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak. 

Erakusketan Durangaldeko herri guztiak agertzen direla nabarmendu du Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia museoko zuzendariak. "Ez bonbek ez gerrek ez dituzte mugak ikusten, eta herri guztietan eragin zuten", azaldu du prentsaurrekoan. Bestalde, Arruabarrenak azaldu du argazkiak 2019tik hona egindakoak direla. "Argazkiek garrantzi testimoniala dute, batez ere, eta idatzitako hitzek testuinguru osoa argitu gura dute". 

Bisita gidatuak

Erakusketaz gainera, bisita gidatu bi egingo ditu Arruabarrenak berak. Lehenengoa apirilaren 4an izango da, euskaraz; bigarrena apirilaren 18an izango da, gaztelaniaz; 19:00etan hasiko dira biak. "Hau ez da urruneko gerra bat izan, bizi garen lekuan egondako gerra bat baino. Orain 80 urte izan arren, uste baino lorratz gehiago dago gure inguruan", gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!