“Modu jasangarrian aurrera egitea bermatzen duten formulak behar ditugu”

Anboto 2024ko mar. 21a, 08:21

Iazko etenaldiaren ondoren, Berdeago Azoka berrikuntzekin bueltatuko da Durangora. Hainbat ekitaldiz osaturiko egitaraua prestatu dute, jasangarritasuna eta ingurumena erdigunean ipinita. ANBOTOk Berdeago Elkarteko koordinatzaileagaz, Javier Sanchez Garciagaz, hitz egin du.  

Aurten berriro ere izango dugu Berdeago Azoka Durangon. Zelakoa izaten ari da buelta?
Ilusio handiagaz bueltatu gara, egia esanda. Pandemiaren ondoren, apur bat estropezu eginda gentozen. Urtarrilaren amaieran edo otsailean antolatu izan dugu azoka, baina 2022ko neguan oraindino ere beldur apur bat zegoen eta maiatzera atzeratu genuen. Bada, data aldaketaren eta eguraldi zoragarriaren eraginez apur bat ahuldu egin zela ikusi genuen, eta iaz ez genuen antolatu. Aurten hainbat aldaketa sartzeko aprobetxatu dugu. Aldaketa nagusia Energy eta Nature azokak batzea izan da. Horrela, itxura gehiago eman gura izan diogu ekitaldiari, eta publikoari aukera eman azoka biak asteburu bakarrean bisitatzeko. Bestalde, ekitaldien kudeaketa Denire enpresaren eskura utzi dugu, profesionalago egiteko. 

Zertan bereizten dira Berdeago Energy eta Berdeago Nature?
Energy eraginkortasun energetikora eta ingurumen berrizkuntzara bideratuta dago gehiago. Bisitari partikularrari zuzenduta dago, baina baita publiko profesionalari ere. Etxeen isolamendurako (efizientzia handiko leihoak, galdarak...) edo ibilgailu elektrikoentzako irtenbideez ari gara, adibidez. Nature, ostera, kontsumo arduratsura dago bideratuta (elikadura, janzkera, bidaiak, artisautza....). Hala ere, kontsumo arduratsuaz ari garenean ez gara bakarrik bioproduktuez ari. Hori garrantzitsua da, baina baita 0 kilometroko produktua ere, tokiko garapenean laguntzen duen produktua.

Prestaturiko egitarauan, zein ekitaldi nabarmenduko zenuke?
Erdiguneko plaza handi bat ipiniko dugu, Zirkulu Berdea Gunea izenekoa. Jarduera guztiak bertan batuko ditugu eta askoz ere garrantzi handiagoa izango du. Askotariko tailerrak eta dinamikak egongo dira bertan; berbaldiak eta liburu aurkezpenak ere bai. Gainera, bisitariek aukera izango dute euren kezka eta nahiak islatzeko; Desioen Arbola bat sortuko dugu. Domekarako, bestalde, Sare Berdeak Eguna antolatu dugu. Herritarren kezkei erantzuteko, Bizkaian lan egiten duen boluntario sarean landu diren irtenbide eta proposamen berriak azalduko dira. Uraren Munduko Eguna ere bada domekan, eta autobusak ipiniko ditugu Arriandiko araztegia bisitatzeko. Bestalde, Ibaizabal errekaren garbiketa egingo da, Bizkaia Garak koordinatuta. Ondoren, zaborren inguruko tailerra emango dugu. Antzerkia, musika tailerra eta bakoitzaren karbono urratsari buruzko tailerra ere egingo dira, besteak beste.

Digitalizazioa, auto elektrikoa, parke eolikoak, ingurumenagazko ardura..... badago halako kezka bat gizartean. Zeintzuk dira etorkizunera begirako erronkak?
Horrek halako kezka sortu du, bai, eta kontsumo gizarte modura, sistema kapitalista neoliberalean oinarrituriko gizarte modura, gauzak aldatu egin behar ditugu. Zein den orain erronka? Modu jasangarrian aurrera egitea bermatzen duten formulak topatzea. Formula horiek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute, ingurumenari dagokionez zuzenak, eta sozialki konprometituak. Eta gizarteak erabaki beharko du proposaturiko irtenbide horiek balio duten ala ez. Gure espaziorako gura ditugun erabilera eta gozamen eredua zeintzuk diren jakin behar dugu.

Berdeagoren moduko azokek zelan laguntzen dute eredu aldaketa horretan?
Dauden alternatibak erakutsita. Aurrerago aipatu ditugun kezka horiei egingarriak diren neurriekin erantzun behar diegu. Gainera, bakoitzak egiten duen ahalegina ez dela bakarra ikusi genezake Berdeagoren moduko azoketan. Hori erakustea garrantzitsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!