Markel Ganboa eta Izaskun Astondoa izango dira Jesus eta Maria aurtengo edizioan. "Jesus eta Maria dira protagonistak, baina parte hartzen dugun 120 lagunek, horiek barik ezinezkoa izango litzateke", azaldu du Ganboak. Markos Echartek zuzenduko du ostera Juan De Iciar elkarteak antolatzen duen emanaldia.
Mireia Elkoroiribe alkateak parte hartzaileen lana azpimarratu du. "Tradizio hau bizirik mantentzeko lan handia egin duten pertsona askoren etengabeko ahaleginaren eta etengabeko ilusioaren emaitza da. Durangoko Pasiñoa durangarrentzako ekitaldia da, herriak bultzatua auzolanean, Durangoko kultur eskaintza aberastu nahi duten bertako boluntarioek burutua, gure oinordetza eta tradizioa bizirik mantenduz. Gure kultur eskaintza sustatzeko eta indartzeko aukera bat da, Aste Santuan bisitariak erakarriz, eta Durangoko kultur esperientzia aberastuz".