Durangoko Alde Zaharra "babes akustiko bereziko gune" izendatzea proposatu dute

Anboto 2024ko mar. 18a, 09:24

Durangoko Udalak herriko gune zaratatsuak arintzeko ekintza plana dauka eskuartean. Herritarrek zabalik dute planari alegazioak aurkezteko aukera. Azterlanean 60 dezibeliotik gorako zarata-mailak eta hamar gune lasai identifikatu dituzte.

Durangoko Udalak aurrera jarraitzen du Zarataren Aurkako Ekintza Planagaz. 2023ko irailean eta urrian herriko zarata maparen azterketa egin zuten, Alde Zaharreko gau aisialdiari loturiko ikerketa espezifiko bategaz batera. Orain, datu horiek eskutan, zarata gutxitzeko ekintza eta eremu zehatzak identifikatu dituzte. Udal iturriek azaldu dutenez, egunean zehar badira 60 dezibelio baino gehiagoko zarata erregistratzen diren eremuak. Trafikoari loturiko guneak dira, bereziki "osasun erabilerarako eta hezkuntza erabilerako eraikinei" eragiten dietenak. Bestalde, azterlanak proposatzen duen ildoetako bat Alde Zaharra "babes akustiko bereziko gune" deklaratzea da. Horrez gainera, 10 gune lasai identifikatu dituzte herrian zehar, eta "lehentasuntzat" jo dute horiek babestea.

Zarataren aurkako ekintza planak epe laburrerako eta luzerako ekintzak barnebiltzen ditu. Tartean daude mugikortasunari, hiri-antolamenduari eta sare-berdeari loturiko ekintzak. Neurriok datozen bost urteetan ezarri gura dituzte martxan, apurka-apurka, "udalerri osoan eragin positiboa" izan dezaten.

Zarataren aurkako ekintza planari buruzko xehetasun guztiak Durangoko Udalaren web orrian topatu daitezke. Udalak herritarrak gonbidatu ditu martxoan zehar iruzkinak helaraztera. Behin herritarren ekarpenak jasota, udalak plan definitiboa aurkeztuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!