Iurreta eta Durango arteko pasabide berria apirilaren bukaerarako egongo da erabilgarri

Anboto 2024ko mar. 15a, 14:55

Gaur ibaiertz biak lotuko dituen pasabidearen egitura metalikoa ezarri dute Ibaizabal errekaren gainean. Datozen asteetan, alboetako barandak ipini eta lurra egokituko dute.

Deabruaren Zubia lez ezagutzen zen pasabideak ordezko berria du gaurdanik. Goiz honetan Ibaizabal errekaren ertz bakoitza lotzen dituen pasabide metaliko berria ipini dute, Iurreta eta Durango artean. Obraren nondik norakoak jarraitzera bertaratu dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Oskar Koka Iurretako alkateordea eta Laura Gil Altuna y Uria enpresako eraikuntza zuzendaria. Azpiegitura berria 45 metro luze da eta corten izeneko altzairu materialagaz dago egina. "Korrosioari eusten dion materiala da, iraunkorra denboran. Horrek berrikuntzarekiko, jasangarritasunarekiko eta irisgarritasunarekiko dugun konpromisoa adierazten du", esan du Laura Gilek.

Azpiegitura berria apiril bukaerarako edo maiatz hasierarako erabilgarri egotea gura dute. Momentu honetan pasabide metalikoaren gainaldea eta haren inguruak atontzeko lanetan dabiltza. Besteak beste, alboetako barandak, zorua eta ibaiertz bietako oinarri inguruak egokituko dituzte. Mireia Elkoroiribek adierazi du gaurkoa "oso berri ona" dela, urte bi eta gero zubi berri bat dagoelako Iurreta eta Durango artean. Alkateak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua berretsi du, eta jakinarazi du zubi berria oinezkoentzat eta bizikletentzat egongo dela erabilgarri. Iurretako alkateorde Oskar Kokak gaineratu du zubia inportantea izango dela udalerri bien arteko "lotura fisikoa areagotzeaz gainera, elkarlana" lantzeko.

Pasabidea eraikitzeko lanak Altuna y Uria eraikuntza enpresak hartu ditu bere gain. Azpiegitura hau Txibitenan eraikitzen dabilen Bista Eder etxebizitza proiektuaren zati da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!