[EGITARAUA]: Gazako eta Ukrainako biktimek Martxoaren 31ko omenaldietan parte hartuko dute

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 14a, 12:59

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak bonbardaketaren 87. urteurrena oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Aurten, ekitaldi instituzionala berreskuratuko dute. Durangoko, Gernikako, Ukrainako eta Gazako bonbardaketetako biktimak izango dira bertan.

Martxoaren 31n  87 urte beteko dira Italiako abiazio faxistak, Espainiako gobernu frankistaren bitartekaritzagaz, Durango eta Elorrio bonbardatu zituenetik. Aurten ere, data ilun hori ahanzturan geratu ez dadin, Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak hainbat oroimen ekitaldi antolatu dute. Azken honek duela lau urtera arte egin ohi zuen ekitaldi instituzionala berreskuratuko du. Bertan, Durangoko, Gernikako, Ukrainako eta Gazako bonbardaketetako biktimak egongo dira, "elkartasun keinu" modura. Ekitaldia Martxoaren 31n bertan egingo dute, Benita Uribarrena parkean. 10:00etan izango da.

"Bonbardaketatik hamarkadak igaro diren arren, haren minak eta oroitzapenak durangarren oroimenean jarraitzen du", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak. "Beldurrak, interesak, lotsak eta minak tarteko, bonbardaketa isilarazia, lurperatua izan zen. Ezin dugu memoria ahaztu. Biktimei errekonozimendua ukatu zitzaien, eta belaunaldi berriek egia jakin behar dute", gaineratu du.

Gerediaga elkarteak eta Kriskitin elkarteak Andra Mariko elizpean egingo dute oroimen ekitaldia, urtero legez. Oraingoz ez dituzte ekitaldiaren xehetasunak argitu, baina aurreratu dutenez, Durangoko bonbardaketako lekuko izandako herritar bat omenduko dute. Goiatz Pelaez elkarteko kideak ekitaldira joatera deitu ditu herritarrak. 19:30ean izango da.

EGITARAUA

Martxoaren 18tik 22ra

  • Bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko ibilbidea ikastetxeetako ikasleentzat. (Antolatzailea: Gerediaga).

Martxoaren 19a, martitzena

  • 19:00 Berbaldia: "1937ko martxoaren 31ko Durangoko bonbardaketako biktimen gaineko ikerketa". Jimmy Jimenezen eskutik, Arte eta Historia Museoan. (Antolatzaileak: Gerediaga eta Durango 1936)

Martxoaren 20a, eguaztena

  • 9:30 - 12:30 "Bonbardaketaren aztarnak" ikus-entzunezkoaren proiekzioa eta tailer parte hartzailea Andra Mariko elizpean. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua.
  • 19:00 Berbaldia: "Durango, Gaza, Ucrania... ¿Hasta cuándo?". Hizlariak: Paul Ortega Elankidetzako zuzendaria, Raquel Martí errefuxiatuen UNRWA agentziako zuzendari exekutiboa eta Mikel Reparaz nazioarteko kazetaria eta idazlea. Kurutzesantun.

Martxoaren 21a, eguena

  • 19:00 Argazki erakusketaren inaugurazio ekitaldia: Gerra zantzuak Durangaldean. Jesus Mari Arruabarrenaren eskutik, Arte eta Historia Museoan. (Antolatzailea: Gerediaga). Bisita gidatuen informazioa museoaren web atarian.

Martxoaren 24a, domeka

  • Bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatuak. 10:30ean gazteleraz. 12:30ean euskaraz. Izen ematea gerediaga@gerediaga.eus helbidean. Abiapuntua, Kurutzesantun. (Antolatzailea: Gerediaga).

Martxoaren 31, domeka

  • 8:00 Bonbardaketaren ondorioz hildakoak gogoratzeko lore eskaintza Durangoko hilerrian.
  • 8:30 Lehenengo aire-erasoaren alarma hotsa.
  • 9:00 Biktimen omenezko suontzia isiotzea Andra Mariko elizpean.
  • 10:00 Durangoko Udalaren oroimen ekitaldia bonbardaketan hildakoei, Benita Uribarrena parkean.
  • 17:45 Bigarren aire-erasoaren alarma hotsa.
  • 19:30 Gerediagaren eta Kriskitin dantza taldearen oroimen ekitaldia Andra Mariko elizpean.

Apirilak 4, eguena

  • 19:00 Film laburrak Durangoko eta Gernikako bonbardaketen lekukoekin: Bajo el árbol de Gernika eta Ultimas mujeres supervivientes. Zuzendariak eta egileak: Iban Gorriti eta Lander Petralanda. Zugaza zineman
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!