Domekan Bizikleta Eguna ospatuko dute Durangon, umeentzako lasterketa herrikoiarekin

Anboto 2024ko mar. 14a, 16:00

Bizkaiko bizikleta eskoletako 250 neska-mutiko batzea itxaroten dute.

Durangaldeko Bizikleta Eskolak eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak Bizikleta Eguna ospatuko dute domeka honetan, Durangon. 10:00etan lasterketa herrikoia egingo dute 6 eta 14 urte arteko umeentzat. 6-10 urte artekoek itzuli bi emango dizkiote zirkuituari eta 10-14 urte artekoek, lau. 1,2 kilometroko zirkuitua Galtzareta, Pinondo eta Laubideta kaleen artean egingo dute.

Izen-ematea durangaldekobizikletaeskola.com web orrian egin daiteke; baita egunean bertan ere, San Agustineko museo inguruan, 09:00etatik aurrera.

Topaketa

Lasterketa herrikoiaren ostean, Bizkaia osoko txirrindularitza eskolen topaketa bat egingo dute. Bizkaiko federazioak antolatzen duen Udaberri Koparen barruan, hainbat lasterketa egingo dituzte, mailaz maila, 11:00etatik 13:00etara. 250 neska-mutiko inguru batzea espero dute. Zirkuitoa goizeko berdina izango da.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!