Asteburu honetan egitekoa zen Aukeren Azoka bertan behera geratu da, baimen faltagatik

Anboto 2024ko mar. 12a, 16:27

Durangoko Udalak arrazoitu duenez, azoka antolatzeaz arduratzen den enpresak "baimendutako epeetatik kanpo" egin gura zuen feria.

Asteburu honetan Landako Gunean egitekoa zen Aukeren Azoka bertan behera geratu da, ekitaldia antolatzeaz arduratzen den enpresak (Merka Gestión Amboto SL) "baimendutako epeetatik kanpo" egin gura zuelako feria. Durangoko Udalak arrazoitu duenez, Landako Guneko araudiak "argi ezartzen ditu" aukera azokak edo antzerakoak egin ahal izateko denbora tarteak. Bi dira: otsailaren 15etik martxoaren 15era eta uztailaren 15etik abuztuaren 15era. Hain zuzen ere, asteburu honetakoa martxoaren 15etik 17ra zen egitekoa, azken egun biak epez kanpokoak zirela. Horrenbestez, ekitaldia antolatu gura zuen enpresak ez du azoka antolatzeko baimenik lortu.

Durangoko Udalak defendatu du ez daukala azokaren antolaketan zerikusirik, eta gertaturikoak interesatuengan eragin ditzakeen eragozpenak deitoratu ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!